Bilbo Basket 73-85 Bartzelona

Aukerarik gabe geratu da Bilbo Basket

Hortzak erakutsi dizkio Bartzelona indartsuari, baina aurkariaren kalitate handiagoa eta jokalari kopuru luzeagoa erabakigarriak izan dira, eta ACBko finalerdietara sailkatzeko aukerarik ez du. 

jarraia183265.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 23a
20:41
Entzun

Unicajaren aurka jokatuko du etzi Retabet Bilbo Basketek, eta denboraldi berezi honetako azkeneko partida izango da Alex Mumbruren taldearentzat. ACB ligako azken fasean, finalerdietarako sailkatzeko aukerarik gabe geratu da, Bartzelonaren aurka galdu eta gero (73-85). 

Gaurko aurkari indartsuak atseden eman dio izarrari, Niko Mirotici, eta mezu horren interpretazioa oker jasotzeko arriskua izaten da batzuetan taldekideentzat, eta hala izan da: lasai ekin diote, jakingo balute bezala erraz irabaziko zutela, eta Bilbo Basketek ondo baliatu du aukera, aurretik jartzeko. Erreboteetan nagusi ziren beltzezko gizonak, baina ezin lana biribildu hirukoetan, adibidez, lau jaurtiketetatik alerik ez dutelako sartu lehen laurdenean. Sei baloi ere galdu dituzte erasoan, eta lanak erraztu dizkio horrek Bartzelonari. 16-19 aurretik joan dira kataluniarrak laurden horren amaieran. 

Bigarrenean, berriz hartu du aginte makila Bilbo Basketek, eta zazpi punturen koska ere eragin du laugarren minutuan (28-21). Baina Bartzelona, lana erdizka eginez, gai izan da berriz ere aurretik joateko laurdenaren amaieran (33-34). Hirugarren laurdenean, ihes egin dio aurkariak, jokaldi berean, epaileek bi teknika adierazi dizkiotelako Balvini eta Mumbruri, eta, gainera, 2+1ekoa ere gauzatu duelako Bartzelonak. 41-49 zen emaitza orduan, baina, gero, bilbotarrek lortu dute aurretik jartzea: 50-49. Hala ere, azkeneko laurdenari zazpi puntu azpitik ekin diote. 

Laugarrenean, Bartzelonak estutu egin du zaintzako lana, jokalari kopuru handia baliatuz. Bilbo Basketek, aldiz, ezin horrelakorik egin, eta nekeak erasanda, eta Pierre Oriola pibotaren lan handiari aurre egin ezinda, atzean geratu da, eta azkeneko zazpi minutuetan, hamar punturen inguruan ibili da aldea, gorago zenbaitetan. Azkenean, hamabikoa izan da. Bilbotarren artean saskiratzaile onenak Jonathan Rouselle eta Emir Sulejmanovic izan dira, 11na punturekin. Partidako abilena horretan Oriola izan da: 23 sartu ditu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.