Gasteizko etxegabe batzuek salatu dute «ukuiluratuta» eta «umiliatuta» eduki dituztela

Beren etorkizunak «larritzen» dituela ohartarazi dute itxialdia udalak jarritako kiroldegietan konfinatuta igaro duten 23 etxegabek: «Nora joango gara hemendik irtetean?». Pandemiaren aurretik «behar zutena» eskatu dute: «Ondo artatuak izatea gure gizarte zerbitzuetan».

Etxegabeentzat prestaturiko Lakuako frontoiaren irudi bat, martxo akaberan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 24a
10:12
Entzun

Izen-abizenez izenpeturiko ohar bat kaleratu dute Gasteizen bizi diren 23 etxegabek. Konfinamenduan bizi izandakoa azaldu eta salatu dute idatzian: bertzeak bertze, «ukuiluratuta», «pilatuta» eta «umiliatuta» eduki dituztela itxialdian. Lehenik, Pio Baroja kiroldegi «lotsagarrian» eduki zituzten, eta, ondotik, Lakuako frontoi batean «ukuiluratuta, ganadua neguan bezala». Salatu dute bizi baldintza txarrak izan dituztela hiru hilabeteotan: «Kanpaina oheetan lo eginez, suteen edo uholdeen moduko larrialdietan behin-behinean erabiltzeko pentsatuak, hau da, gehienez 5-6 egun igarotzeko; bata bestearengandik metro eta erdira doi-doi, inongo intimitaterik gabe, norbere gauzak uzteko lekurik gabe; ezinezkoa da lauzpabost ordu baino gehiago jarraian lo egitea». Azaldu dute askotariko egoerak daudela euren artean: nazionalitate ezberdinetako jendea, arazo psikiatrikoak dituztenak, alkoholarekiko edota beste substantzia batzuekiko mendekotasunak dituztenak, «deserrotuak», langabeak eta «lan sistematik baztertutako» adinekoak...

Bizilagun batzuek iraindu ere egin dituzte, «zer eta leihoetatik ikusten gaituztelako». «Lepradun» deitu diete, erraterako. Gogoratu dute, halaber, emakume bat hil zela maiatzean eurentzat egokituriko frontoian: «Samina izugarria izan zen». Arazoak ere izan dituzte euren artean, baina azaldu dute jakin dutela kudeatzen: «Hemen giltzapetuta gauden pertsonen aniztasun eta kopurua aintzat hartuta, harrigarria da zeinen istilu gutxi izan dugun. Erakutsi dugu, beraz, bizikidetza baketsua eraman dezakegula, badakigula. Ez garela piztiak, badakigula formak gordetzen eta arauak betetzen, gehiegizkoak izanik ere».

Hori dela eta, arreta eskatu diete gizarte zerbitzuei. «Pandemiaren aurretik behar genuen gauza bera baino ez dugu behar: ondo artatuak izatea gure gizarte zerbitzuetan; bizitoki bat nagusiki, eta behar dugunontzako laguntza edo jarraipen bat; gure ohitura txarren aurkako tratamenduak –bizitoki horren truke –; lan aukerak; etengabe pilulen eraginpean izango ez gaituen psikiatria bat...». Etorkizunak kezkatzen baititu: zer egingo duten hortik ateratzerakoan. Salatu dute hiru hilabete horietan Gasteizko Udalak aukera izan duela eurei «jarraipen pertsonalizatua» egiteko, baina ez duela serioski egin: «Pandemiaren aurreko dinamika berarekin jarraitzen dute: ez digute entzuten, ez dira hona hurbiltzen, eta hurbiltzen diren aldi gutxietan (3 aldiz, ordu bat aldiro), luzamendutan ibiltzeko da».

Bizi izandako «krisi larria» euren egoera konpontzeko balia dezala eskatu diote udalari, «egoerek bultzatu gintuzten zulotik ateratzeko». «Irteerako laukitxoan berriz ez kokatzea besterik ez dugu eskatzen, hiru hilabeteren ostean: kalera, miseria ekonomikora, mespretxura eta ahanzturara ez itzultzea. Zinez uste dugu hori irabazi dugula hiru hilabeteren ondoren, ehun egun baino gehiagoren ondoren. Ez gaitzatela berriz ere botata utzi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.