Lan istripua

Behargin bat hil da Iruran lan istripu batean

Laskibar industrialdean gertatu zen istripua atzo, ELAk jakinarazi duenez.

Lan istripuen kontrako elkarretaratze bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2020ko ekainaren 25a
12:23
Entzun

45 urteko behargin bat hil zen atzo Irurako (Gipuzkoa) Laskibar industrialdean lanean ari zela. Altuera batetik behera erorita egindako zauriek eragin zioten heriotza, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan duenez. Langilea fabrika batean margoketa lanetan ari zela gertatu zen ezbeharra. 12:40ean gertatu zen istripu larria, eta azkar bertaratu ziren anbulantziak, baina ordurako langilea hilda zegoela ikusi zuten.

ELA sindikatuak jakinarazi du «dagoeneko 34+2» liratekeela Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak 2020. urtean. Zaldibarko hondamendian desagertutako bi langileak zenbatzeko modua da beste bi gehitzea zerrendara behin-behinean, oraindik ez baitituzte aurkitu haien gorpuak.

«Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasuna eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekaritate egoera salatu nahi dugu», helarazi du sindikatuak ohar batean; «prekaritate honek ekarri ditu lan erritmo jasanezinak, jardunaldi amaigabeak, eta sektoreko hitzarmen eta prebentzio arautegiaren betegabetzeak. Konfinamendu egoera honetan, Eusko Jaurlaritzak are gehiago ikuskatu beharko lituzke lan zentroetan dauden lan baldintzak, langileak indefentsio egoeran baitaude legearen urraketen aurrean».

Laskibar industrialdean sarreran elkarretaratzera deitu dute ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, EHNEk eta Hiruk, biharko (11:00). «Lan istripu gehiagorik ez: Prekaritatea hiltzailea» pankartaren aurrean elkartuko dira.

LAB sindikatuak, berriz, eredua aldatzeko emango diren pausoei buruz galdetu du ohar baten bidez, eredu horrek «langileen miseria eta heriotza besterik ez baitu ekartzen». Lan istripuak «haiek eragozteko neurri eraginkorrik ezarekin eta utzikeriarekin batera hazten ari dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.