Joventut 76-74 Baskonia

Finalerdian pentsatzen

Galdu egin du Baskoniak Joventuten aurka ACB ligako azken faseko azkeneko jardunaldian. Xengeliak eta Henryk ez dute jokatu, eta jokalari gazteei eta gutxien jokatzen dutenei aukera eman die Dusko Ivanovicek.

jarraia183372.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 25a
19:15
Entzun

Emaitzan galdu, baina etorkizun gertukoan eta luzera begirakoan, irabazi. Baskoniak ezin izan dio garaipena kendu Joventuti ACB ligako azken faseko azkeneko jardunaldian (76-74), baina igandeko finalerdira begira, atseden eman die hainbat jokalariri, eta horien ordez jokatzeko aukera izan dute jokalari gazteek. 

Tornike Xengelia eta Pierria Henry jokalari zerrendatik kanpo utzi ditu Dusko Ivanovicek, eta, haien ordez, Arturs Kurucs joko antolatzailea eta Miguel Gonzalez hegalekoa sartu. Lehen zatian, gaizki aritu da taldea, bigun, eta bigarren laurdenean nahieran jokatu du Joventutek. Atsedenaldira 39-30 joan dira, kataluniarrak aurretik zirela. 

Bigarren zatian, ondo jokatu du Baskoniak, eta aurretik ere ibili da markagailuan. Partida irabazteko saskiratzea ere sartu du Tadas Sedekerkis lituniar gazteak bi segundo falta zirenean, baina, saski azpiko marra zapaldu duenez, ez du balio izan. Ekarpen ona egin du hegal-pibotak gaur, 5 puntu eta 5 erreboteko marka eginez, eta 30 minutuan izan du pistan Ivanovicek. Kuruksek ere partida ona egin du, 6 puntu sartuz 15 minutuan. Onena Achille Polonara italiarra izan da, 18 puntu eta 7 erreboterekin, 29 minutuan. 

Sustoa izan duena Jayson Granger izan da, berriz ere ezker oineko orpazurdan min hartu duela eman izan baitu, bigarren zatia hasi eta berehala.  Azkenean, baina, ez da ezer izan, jokalariak berak sare sozialetan kontatu duenez. Iazko irail amaieran leku berean haustura izan zuen, eta hamar hilabetez jokatu ezinda gero, txapelketa honetan berragertu da.

Bilbo Basketek ere galdu

A multzoan bertan, Bilbo Basketek galdu egin du Unicajaren aurka (78-65). Gaurkoa izan du denboraldi honetako azkeneko partida. Saskiratzailerik onena Jonathan Rouselle izan da, 14 punturekin. Ondrej Balvinek 11 puntu egin eta 11 errebote harrapatu ditu. Azken fasean, partida bakarra irabazi dute Alex Mumbrurenek, Teneriferen aurka, eta beste hiruretan galtzaile izan da, Baskonia, Bartzelona eta Unicajaren aurka. 

Denboraldia gaur amaitu zaio taldeari, eta Rafa Martinezek iragarri du ez duela taldean jarraituko, sasoi bat osatu eta gero. Jokatzen segiko duen edo utzi egingo duen, berriz, ez du jakinarazi eskolta kataluniarrak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.