Osakidetzako langileek osasun politikak «berehala» aldatzeko eskatu dute

Kontzentrazioak egin dituzte, Jaurlaritzak osasungintzarako ezarritako aurrekontuak «oso eskasak» direla salatzeko: «Osakidetzak bakarrik utzi gaitu, eta beharginen esfortzuari esker soilik egin ahal izan diogu aurre pandemiari».

Osakidetzako langileen kontzentrazioa, gaur, Txagorritxuko ospitalearen aurrean (Gasteiz). ELA
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 26a
12:45
Entzun

Osasun politikak «errotik eta berehala» aldatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Osakidetzako langileak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat erietxe eta osasun zentroren aurrean bildu dira gaur goizean, eta agerian jarri nahi izan dute zerbitzu publikoen garrantzia, bereziki osasungintza publikoarena, «bizi aseguru kolektibo bat delako, denon onerako indartu eta garatu behar duguna».

Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egin dute deialdia. Salatu dutenez, «egungo egoera Jaurlaritzaren murrizketa politikaren ondorioa da, egoera ekonomikoa ona zenean ere osasungintzara bideratutako aurrekontuak oso eskasak izan zirelako». Besteak beste, Osakidetzarako diru sailak Europako Batasuneko batezbestekoaren parekoak izatea eskatu dute, eta lantaldea handitzea, «iruzurrezko kontratazioak egiturazko plantilan txertatuz».

Sindikatuen iritziz, «azken urteetan osasungintza negozio hobi bihurtu da, eta hor ikusi dute batzuek dirua irabazteko aukera, osasun sistemaren kontura; osasun publikoaren ahultzearen lekuko izan gara».

Bilbon, Basurtuko ospitalearen aurrean, 300 lagun inguru bildu dira, eta Arantza Arias sindikatuen bozeramaileak hartu du hitza: «Osakidetzak bakarrik utzi gaitu, eta beharginen esfortzuari esker soilik egin ahal izan diogu aurre pandemiari». Ariasen arabera, osasun zerbitzu publikoko beharginek lan egin dute «behar besteko babes neurririk gabe, lan karga onartezinekin, eta pertsonal eta baliabide urriekin».

Sindikatuek esan dutenez, horren emaitza izan da «lantalde ahitu bat, hildako lankide bat, eta kutsatutako 2.000 profesional baino gehiago». Haien arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kutsatu guztien %18 izan dira osasungintzako langileak.

Nafarroako hezkuntza protokoloa

Nafarroako irakaskuntzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek kritikatu egin dute Nafarroako Gobernuak datorren ikasturterako aurkeztu duen prebentzio eta antolaketa protokoloaren zirriborroa. Haien iritziz, «ez dio erantzun nahikoa eta egokia ematen ikasgeletara modu seguru eta eraginkorrean itzultzeko erronkari».

Sindikatuek negoziazio foro bat sortzeko eskatu dute, gobernuak kontuan har ditzan hezkuntza komunitateko eragileen ekarpen nagusiak. Gainera, gehitu dute proposamenak osasun irizpideak soilik hartzen dituela kontuan, irakaskuntzaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den inbertsioa saihesteko —tartean, ratioak jaistea eta lantaldeak handitzea—.

Azaldu dutenez, «oraindik badago denbora proposamena nabarmen hobetzeko», eta negoziazio mekanismoak abian jartzea galdegin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.