Vox, «tolerantzia» eta «ekidistantzia»

Hainbat gai landu dituzte alderdiek: faxismoa, autogobernua, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna... Eusko Legebiltzarreko hautagaiak ez ezik, kanpainako ekitaldietan izan dira Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkatea ere.

Maddalen Iriarte beste hainbat hautagairekin batera, kanpaina hasierako ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 27a
14:39
Entzun

Kanpainan erabat sartuta daude alderdiak. Goizez nahiz arratsaldez dituzte ekitaldiak, eta biharko ere beste hainbat dauzkate antolatuta; besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea PSE-EEren ekitaldian izango da.

EAJk Zornotza aukeratu du asteburuko lehen ekitaldi nagusirako. Iñigo Urkullu lehendakarigaiak autogobernua izan du hizpide. Haren esanetan, «indargunea» izan da koronabirusarengatik jasandako osasun krisian, eta etorkizunean EAJk izango duen eginkizuna ere azpimarratu du: «Noren eskuetan utziko dugu errekuperazioa gidatzeko ardura? EAJ da erantzun onena». 

Koronabirusak leku berezia izango du kanpainan, eta Urkulluren hitzaldiaren gai nagusia ere hori izan da. Nabarmendu duenez, bizitzetan kostu handia izan du, baita gizartean eta ekonomian ere. Orain arte Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako lana ontzat jo du, eta azpimarratu zerbitzu publikoak «maila handikoak» direla eta lortutakoa autogobernuarengatik izan dela. «Krisi honetan gure indarguneak izan dira autogobernua, erakunde propioak, zerbitzu publikoak eta kudeaketarako gaitasuna».

EH Bildu Lekeition (Bizkaia) izan da eguerdian. Koalizioaren lehendakarigai Maddalen Iriarte faxismoaz eta horri aurre egiteko bideaz aritu da: «Faxismoa eta ekidistantzia geratzeko botorik onena EH Bildu da. Faxismoari eman dakiokeen erantzunik onena 0 legebiltzarkiderekin uztea da».

Atzo Sestaon (Bizkaia) VOXen ekitaldian protestan ari zirenen aurka Ertzaintza oldartzeak eta segidan Iñigo Urkulluk esandakoek ere zeresana eragin dute. Urkulluk gogor egin zuen protestatzera gerturatu direnen aurka, eta «demokraziaren aurka» egitea leporatu zien. «Edozein alderdi politikoren ekintzak oztopatzen dituztenek eta/edo aukera desberdinak ordezkatzen dituzten pertsonak eta alderdiak jazartzen dituztenek aniztasunaren eta tolerantziaren aurka egiten dute», idatzi zuen bere Twitter kontuan.

Iriartek Urkulluri leporatu dio «ekidistantzia» agertu zuela faxismoaren eta antifaxismoaren artean. «Gernika bonbardatu zutenen aurrean tolerantziak ez du balio; herritar eta herri gisa ditugun eskubide guztiak kendu zizkigutenen aurrean ez du balio ekidistantea izateak», nabarmendu du. Bide berean, Iriarteren irudiko, faxismoak herri gisa dauden eskubide guztiak arriskuan jartzen ditu. «EH Bildu indartsu batekin bakarrik lortu ahal izango ditugu herri gisa aurrera egiteko eta justizia sozialean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko behar ditugun tresna subiranoak». Haren hitzetan, bide horretarako, ez Urkullu ez EAJ «ez dira fidagarriak».

Elkarrekin Podemosen 'spot'-a

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpaina desberdina izango dela aipatzen ari dira alderdiak, eta horren adibide da Elkarrekin Podemosen goizeko ekitaldia. Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak bideokonferentzia egin du Beatriz Gimeno Emakumeen Institutuko zuzendariarekin eta Aitzole Araneta Elkarrekin Podemoseko zinegotziarekin, bihar LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta. Gorrotxategiren esanetan, hurrengo Eusko Jaurlaritzak bere zeregintzat hartu beharko luke «aniztasun sexuala, askatasuna eta berdintasuna» normalizatzea, eta neurri zehatzak hartzea LGTBI kolektiboa ez baztertzeko.

Gainera, hauteskunde kanpainarako iragarkia aurkeztu du koalizioak. «Egia ukaezina islatzen duela uste dugu. Ezberdintasunak gorabehera, gizarte plural, sozial eta jasangarri baten helburu nagusiak partekatzen ditugunon batasuna geldiezina eta onuragarria da gehiengosozial handi batentzat», azaldu du Gorrotxategik aurkezpenean.

[Youtube]https://youtu.be/CCoZr6et4Gc[/Youtube]

PSE-EEko lehendakarigai Idoia Mendiak Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Concha Andreu Errioxako presidentea izan ditu ondoan, Gasteizko ekitaldian. Bertan, «ezker serio» bezala aurkeztu dute PSE-EE. «Ez da nazionalismoetan korapilatzen, eta inor atzean utzi gabe gobernatzen eta arazoak konpontzen daki». Gainera, «elkarrizketarako eta akordioetara iristeko» gaitasuna daukatela azpimarratu du.

Carlos Iturgaiz  PP eta Ciudadanos koalizioko lehendakarigaiak, berriz, Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkatea izan du ondoan. Bilbon egin dute agerraldia, hainbat gazteren aurrean. Iturgaizek azpimarratu du gazteek kanpora joan behar izaten dutela «urteetan aukerarik gabe» egon direlako, «EAJren kutunkeriarengatik» eta «hizkuntza bat talentuaren aurretik jartzen delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.