Konpromisoak berrikuntzarako inbertsioa handitzeko eta 1.080 euroko pentsioak izateko

Elkarrekin Podemosek aurre egin nahi dio ustelkeriari, eta PSE-EEk ekoizpen sarea eraldatzea du helburu; PP eta Ciudadanos koalizioak, berriz, okupatzaileei aurre egiteko lege bat egitea proposatu du

EAJren hautagain, gaur goizeko ekitaldian. EAJ
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 29a
13:39
Entzun

Herritarrei hainbat konpromiso dituztela ziurtatuz hasi dute astea alderdiek. EAJk nabarmendu du urtero berrikuntzan egiten den inbertsio publikoa %6 handituko duela, hogei milioi eurokoa izan dadin hamarkada batean. Abanton (Bizkaia) egindako agerraldi batean hartu du konpromisoa Iñigo Urkullu lehendakarigaiak.

Datorren lau urteetarako helburua zein den ere azpimarratu du Urkulluk: «Buru izatea trantsizio hirukoitzean —osasun eta gizarte arlokoan, teknologikoan eta digitalean, eta energetikoan eta ingurumenekoan—». Horretarako, «ezinbestekoa» iruditzen zaio berrikuntzan inbertitzea. «Berrikuntza da krisiaren erantzuna».

Gaiari lotutako hainbat proposamen zehaztu ditu Urkulluk: Zientzia, Berrikuntza eta Teknologia Plana onartzea; industria aurrerakoian, osasunean eta energia berriztagarrietan oinarritutako estrategia bat garatzea; eta inbertsioak egitea elikaduran, «ekoberrikuntzan», kultur eta sormen industrietan eta hirien jasangarritasunean.

EH Bilduk ere konpromisoak hartuz hasi du astea: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzea. Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak Lazkaon (Gipuzkoa) egindako ekitaldi batean nabarmendu duenez, horrela berretsi dute «euskal pentsiodunei bizitza duinak bermatzeko EH Bilduren konpromisoa». «Euskal pentsio sistema publikoa sortzea helburu, koalizioak atsedenik gabe eskatuko du Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentzia», azpimarratu du.

1.080 euroko pentsioak eskatzeko arrazoia datuen bidez azaldu du: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15.000 pentsiodunek osatu behar dute pentsioa diru sarrerak bermatzeko errentarekin». Gainera, koalizioaren zerrendakidearen hitzetan, legeak aitortzen diena baino 300 euro gutxiago jasotzen dituzte, «[Iñigo] Urkulluk eta [Idoia] Mendiak pentsioen osagarria murriztu dietelako». Eta horren aurka agertu da EH Bildu: «Euskal pentsiodunek pentsio duinak merezi dituzte, ez miseriazko pentsioak».

Elkarrekin Podemosek Gasteiz aukeratu du gaur goizeko ekitaldirako. Ustelkeriaz eta gardentasunaz aritu da bertan Miren Gorrotxategi lehendakarigaia. Bide horretan, lege bat egin nahi du Gorrotxategik: «Gure proposamena da gardentasunaren, herritarren partaidetzaren eta gobernu onaren lege handinahi bat onartzea». Horrez gain, kontratu publikoen behatoki bat sortzea eta ustelkeriaren aurkako euskal fiskaltza bat onartzea ere nahi du, baita «lobbyen, bezero sareen eta ate birakarien» aurkako plan zehatz bat egitea ere. Gainera, EAJk gai horien inguruan duen jarreraz ohartarazi du Gorrotxategik: «EAJ saiatu da behin eta berriz konbentzitzen ustelkeriarik eta nepotismorik ez zegoela Euskadin». Haren iritziz, ordea, De Miguel kasuak eta Osakidetzako lan eskaintza publikoarenak bestelakoa erakusten dute.

«COVID-19ak eragindako krisia ekoizpen sarean eta enpleguan aldaketa sakonak egiteko erabiltzea»: hori izan da Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak Gasteizen egindako agerraldian proposatutakoa. «Aukera hau aprobetxatu behar dugu gure ekoizpen sarearen eraldaketa azkartzeko, Europako proiektu handietara lotzeko, txikien digitalizazioari aurre egiteko eta langileei prestakuntza emateko», zehaztu du. Hala ere, Mendiaren hitzetan, babesa emango diete proiektu txikiei, «gure komertzioei» eta ETEi ere —enpresa txiki eta ertainei—.

PP eta Ciudadanos koalizioko lehendakarigai Carlos Iturgaiz, berriz, Bilbon izan da, Xavier Garcia Albiol Badalonako (Herrialde Katalanak) alkatea alboan zuela. Iturgaizek lege bat egitea proposatu du, okupatzaileak 24 ordu baino gutxiagoan etxetik botatzeko. Etxeen okupazioa arazotzat daukaIturgaizek, eta zehaztu du, haren ustez, biktimak etxeen jabeak direla eta ez okupatzaileak. Gainera, EAJri egotzi dio «erakartze efektua» egitea. «Onartu egiten dute jabetza pribatuari erasotzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.