Klima larrialdia

Macron prest agertu da ingurumenaz erreferendum bat egiteko

Frantziako presidenteak adierazi du «biodibertsitatea, ingurumena eta berotze globala kontzeptuak» konstituzioan sartzearen inguruko galdeketa bat egin nahi duela 2021a baino lehen.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, gaurko agerraldian. EFE
2020ko ekainaren 29a
16:05
Entzun

Ekologistek alkatetza garrantzitsuak lortu eta egun batera, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ingurumenarekin zerikusia duten hainbat neurri iragarri ditu. Macronek iragan astean jaso zituen Klimaren Aldeko Konbentzio Herritarraren 149 proposamenak —150 herritarrek osatu dute—, eta, gaur jakinarazi duenez, horietako 146 onartu egin ditu. Tartean dago 2021a baino lehen «biodibertsitatea, ingurumena eta berotze globala kontzeptuak» Frantziako Konstituzioaren 1. artikuluan sartzearen inguruko erreferendum bat egitea.

Frantziako presidentearen iritziz, Europa Ekologia Berdeak alderdiaren garaipenek erakutsi dute «ekologia herritarren kezken artean» dagoela, eta horren harira erabaki du konbentzioak helarazitako proposamenak sustatzea. Horretaz, jakinarazi du proposamen batzuen inguruko beste galdeketa bat egiteko prest dagoela, baina ez du zehaztu zeini buruz; «uda amaieran» jakinaraziko du, lege proiektu baten bidez: «Bihartik aurrera, lantaldeak sortuko ditugu zuen proposamenei buruzkoak, eta, hurrengo hilabetetik aurrera, Asanblea Nazionaleko presidenteak harrera egingo dizue», esan die Macronek konbentzioko parte hartzaileei.

Horrekin batera, Frantziako estatuburuak 15 mila milioi euroko diru sail bat iragarri du datozen bi urteetan trantsizio ekologikoan sakontzeko: «Anbizio ekologikoa eredu produktiboaren erdian jarri behar dugu».

Aldiz, Macronek uko egin die konbentzioko parte hartzaileen hiru proposameni: autobideetako gehiengo abiadura orduko 130 kilometrotik 110era jaistea; enpresen dibidenduei %4ko zergak ezartzea; eta konstituzioaren atarikoan ingurumena babestu beharra txertatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.