Energia atomikoa

Kezka sortu du Eskandinavian atzemandako erradioaktibitate isuri batek

Iturria zentral nuklear bat dela uste dute nazioarteko erakundeek. Errusiak ukatu egin du bere plantetan istripurik gertatu izana.

Besteak beste, Errusiako mendebaldeko Kolako zentral nuklearra dago isuriaren eremuan, baina hango arduradunek ukatu dute ezbeharrik gertatu izana.
Besteak beste, Errusiako mendebaldeko Kolako zentral nuklearra dago isuriaren eremuan, baina hango arduradunek ukatu dute ezbeharrik gertatu izana. RIA Novosti / Roman Denisov Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2020ko ekainak 29

Erradiazio isuri baten zantzuak atzeman dituzte airean Eskandinavian, eta galdera bat dabil bolo-bolo: non dago isuriaren iturria?

Zesio-134, kobalto-60 eta rutenio-103 isotopo erradioaktiboak atzeman dituzte Norvegiako iparraldeko eta Spitsbergen uharteetako estazioetan, baita Helsinkin eta Stockholmen ere.

Ezohiko isotopo konbinazioak susmoa sortu du, halakoak tipikoak direlako zentral nuklearretako istripuetan, adituek esan dutenez. Suediako Erradiazio Segurtasun Aginteak (SSM) adierazi du neurtutako mailek ez dakartela arriskurik gizakien osasunarentzat, baina isuria nondik datorren ez dakitela gaineratu dute.

Vienan egoitza duen CTBTO Proba Nuklearrak Erabat Debekatzeko Itunaren Erakundeko ordezkariek adierazi dute litekeena dela isuria «iturri zibil» batetik atera izana, eta hori non egon daitekeen adierazteko mapa bat argitaratu dute. Mapan Eskandinavia iparraldeko eta Errusiako eremuak nabarmendu dituzte, eta horietan hainbat zentral nuklear daude.

Herbehereetako Osasun Publikorako eta Ingurumenerako Institutu Nazionalak ostiralean esan zuenez, atzemandako isuriaren osagaiek «erakutsiko lukete zentral nuklear bateko erregaia kaltetu dela». Isuriaren jatorria «Errusiako mendebaldean» zegoela esan zuen erakunde horrek.

Suedia eta Finlandiako zentral nuklearretako kudeatzaileek ukatu egin dute euren plantetan ezbeharrik gertatu izana. Errusiak gauza bera adierazi du.

Errusian zentral nuklearrak kudeatzen dituen Rosenergoatom konpainiak esan duenez, gune horretan dituen bi zentralak —Leningradokoa eta Kolakoa— «normaltasun osoz» ari direla lanean, eta ez dutela isuri baten berririk eman. «Bi zentraletako eta inguruetako erradiazio mailetan ez da aldaketarik gertatu ekainean; erreaktoreen funtzionamendu normalarekin bat datoz».

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak larunbatean esan zuen CTBTOk zabaldutako informazioaren «jakinaren gainean» dagoela. «Halakoetan ohikoa denez, IAEA bere bazkideekin jarri da harremanetan, galdetzeko erradioisotopo horiek atzeman dituzten euren herrialdeetan, eta zer edo zer gertatu ote den isurketa horiekin lotuta».

2017ko udazkenean bezala

Antzeko egoera gertatu zen 2017ko udazkenean. Orduan, antzeko osagaiak atzeman zituzten Europako hainbat herrialdetako airean. Gero jakin zen, ezbehar bat edo industriaren hitzetan «gertaera bat» jazo zela Majaken (Errusiaren hegoaldean) dagoen erregai nuklearra prozesatzeko plantan. Antza denez, oker bat egin zuten erregaia lantzeko prozesuan.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bi erizain, Galdakaoko ospitalean (Bizkaia) maiatzaren 6an, 55 egun gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zela ospatzen. ©ANDONI LUBAKI / FOKU

Koronabirusaren lehen kolpea Euskal Herrian: 2.152 hildako lau hilabetean

Mikel P. Ansa

Martxoaren 1etik ekainaren 30era, lau hilabete. Neguaren azken hondarra, eta udaberri guztia. Koronabirusaren pandemiak hankaz gora jarri du Euskal Herria, eta bizimoduak astindu ditu. Pandemiaren lehen olatuaren balantzea egin du BERRIAk, hamazazpi grafiko eta hamazazpi galdera hauekin.

Osasun langile bat pertsona bati PCR proba egiten, herenegun, Ordizian. ©Jon Urbe / Foku

58 dira Ordiziako agerraldiarekin lotutako kasuak

Iosu Alberdi - Irati Urdalleta Lete

Positibo emandakoek ezingo dute bozkatu Ordizian. Bai, ordea, haien kontaktu zuzenek. Araban beste foku bat izan den ikertzen ari da Osasun Saila, azken orduetan bederatzi kasu atzeman ostean.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurain. ©Jesus Diges / Efe

23 positibo detektatu dituzte Tuterako agerraldian

Igor Susaeta

Beste agerraldi bat gertatu da Iruñean, eta bost pertsona kutsatuta daudela baieztatu dute

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna