Bartzelona 67-69 Baskonia

Baskonia ACB ligako txapeldun

Vildozak hiru segundoren faltan sartutako saskiratze batek txapelketa eman dio Bartzelonaren aurkako finalean.

Shengelia eta Mirotic lehian. MANUEL BRUQUE / EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 30a
20:24
Entzun

Hamar urteren ondoren, ACB ligako txapelduna da Baskonia. Laugarren aldiz irabazi du txapelketa (2002, 2008, 2010, 2020), Dusko Ivanovic entrenatzailearekin lortutako hirugarrena, final estu batean Bartzelonari 67-69 irabazi eta gero.

Ondo ekin dio Baskoniak ACB ligako finalari, eta irabazten ari zen lehen laurdenaren amaieran (16-17). Defentsako lanean sendo aritu dira bi taldeak, eta zailtasunak izan dituzte saskiratzeak sartzeko. Bartzelonak, gainera, dozena erdi baloi galdu ditu. Dusko Ivanovicen jokalariek bost punturen aldea ere izan dute. Faltetan izan ditzake arazoak, Ericek eta Polonarak bina dituztelako.

Bigarren laurdenean aldatu da partida. Bartzelonak defentsan ate guztiak itxi dizkio Baskoniari, eta ia ezin izan du jokaldi garbi bat landu. Gainera, kataluniarrek sekulako eraginkortasuna erakutsi dute hirukoetan, eta bederatzi punturen aldea ere izan dute. Bukaeran, Baskonia gainera joan zaio, eta atsedenaldira sei azpitik joan da.

Finala Katalunia alderako bidea hartzeko itxura hartzen ari zen, baina Baskonia suspertu egin da hirugarren laurdenean, eta 51na berdinduta ekin diote azkeneko laurdenari. Ivanovicen jokalariek defentsako lana zorroztu dute, erreboteak hartzen segitu dute.

Azken laurdenean, aurrea hartu du Baskoniak, baina azken hamar minutuetan estu joan da markagailua. Azken hamar segundoen faltan, 67na zeuden bi taldeak, eta baloia Baskoniarentzat zen. Segundoak aurrera zihoazela, Baskonia tiro argirik egiteko aukerarik gabe geratuko zela zirudien, baina Polonarak asistentzia on batekin taulapean bakarrik utzi du Vildoza, eta hark ez du barkatu.

Argentinarra izendatu dute finaleko jokalaririk onena. 67-69, eta hiru segundo aurretik. Bartzelonak aukera izan du azken hiruko bat jaurtitzeko, baina baloia ez da saskian sartu, eta festa lehertu da Valentziako kantxan bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.