KORONABIRUSA

Bi hildako eta hogei kasu gehiago

Azken orduotan bi pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusaren ondorioz. Detektatutako kasu berrietatik bosna daude Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Batek lotura izan dezake Orioko agerraldiarekin.

Gazte bat, Iruñeko igerileku batera sartzeko eskuak garbitzen, joan den astean. IDOIA ZABALETA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko uztailaren 1a
14:31
Entzun

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek jakinarazi dutenez, azken orduotan bi hildako eta beste hogei kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Hildakoak Arabakoak, Bizkaikoak edo Gipuzkoakoak dira —Osakidetzak eman du horien berri, baina ez du zehaztu kokapena—, eta positibo berriak, berriz, bortz daude lurralde bakoitzean. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Arabako bortz kasuak Gasteizkoak dira; Bizkaikoak Bilbo, Barakaldo, Basauri, Durango eta Loiukoak; eta Gipuzkoakoak Donostia, Errenteria eta Irungoak (azken horretan hiru kasu daude). Osasun Saila ikertzen ari da Donostiako kasuak loturarik ba ote duen Orioko agerraldiarekin. Jakinarazi dutenez, Oriokoarekin lotuta 17 lagun daude koronabirusaz kutsatuta, eta, Donostiakoarekin batera, bertze sei kasu daude lotura izateko susmopean. Irungo eta Errenteriako kasuak ere ikertzen ari dira, lotura izan dezaketelakoan atzo Arrasaten atzeman zituztenekin.

Nafarroako Gobernuak ez du zehaztu nongoak diren bortz kasu berriak, baina Javier Remirez presidenteordeak jakinarazi du ez dutela loturarik Iruñerriko eta Sunbillako agerraldiekin. Ekainaren 26tik eta 27tik ez da izan agerraldi horiekin loturiko kasurik, Remirezen hitzetan. 

ZIUetan zazpi lagun daude gaur egun koronabirusarekin Hego Euskal Herrian, bi gobernuek jakinarazi dutenez.

«Gu geu gara txertoa»

Murgak Baskoniaren garaipenaren ondorengo ospakizunak izan ditu gogoan goizean egin duen agerraldian, eta oroitarazi du beharrezkoa dela jendearen artean distantzia mantentzea, eta, ezin denean, maskara janztea. «Ezin dugu ahaztu birusak hor segitzen duela, eta orain daukagun txerto bakarra gu geu garela».

Remirezek ere «ardura» eskatu die Nafarroako herritarrei, baita kanpotik datozenei eta kanpora doazenei ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.