Futbola

Realak Amaiur Sarriegi fitxatu du

19 urteko aurrelariak 2023ra arte sinatu du talde txuri-urdinarekin. Athleticeko bigarren taldetik dator jokalari donostiarra.

Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 1a
14:38
Entzun

Reala datorren denboraldirako taldea eraberritzen ari da apurka-apurka. Egun gutxian Gemma Giliren eta Nuria Rabanoren fitxaketen berri eman ostean, talde txuri-urdinak gaur baieztatu du Amaiur Sarriegi aurrelariarekin akordioa lortu duela. 19 urteko jokalari gaztea Athleticeko bigarren taldean aritu da, eta 2023ra arte sinatu du. Hala, Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak datorren denboraldirako hirugarren fitxaketa egin du.

Sarriegik aurreko astean iragarri zuen Athletic utziko zuela. Libre iritsi da Realera, eta datozen hiru denboraldietarako sinatu du. Sarriegi pozik mintzatu da aurkezpenean, Joseba Ibarburu presidenteordea alboan zuela: «Ilusioz ekingo diot erronka berri honi, eta aukera handi hau ondo baliatu nahi dut jokalari moduan gehiago hazteko, niregan konfiantza erakutsi baitute. Pauso garrantzitsua da, eta oso eskertua nago».

19 urte besterik ez duen arren, Athleticeko bigarren taldeko golegile nagusia izan da azken sasoian, hamahiru gol sartuta. «Bigarren Mailatik Lehen Mailara salto garrantzitsua dago. Horregatik, gogor lan egitea tokatzen zait: ez dago beste sekreturik», azaldu du. Realaren proiektua «indartsua» eta «erakargarria» dela iruditu zaio Sarriegiri. «Klubak emakumezkoen taldean pauso garrantzitsuak eman ditu azken urteetan, eta hori emaitzetan eta lorpenetan ikus daiteke. Ilusioz gainezka nago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.