Lan gatazkak

Grebara joko dute Siemens Gamesako Agoizko langileek

Lantegiaren itxiera «deslokalizazio hutsa eta gogorra da», enpresa batzordearen arabera.

Iker Aranburu.
2020ko uztailaren 2a
13:13
Entzun

Greba luze baten atarian dago Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesa lantegia. Multinazionalaren zuzendaritzak fabrika ixteko asmoa du ,eta han aritzen diren 239 langileak kaleratzekoa. Kontratu guztiak hausteko erregulazio espedientea eskatu du, eta datorren asteazkenean hasiko dira negoziazioak. Langileen ordezkariek iragarri dute greba egingo dutela kontsulta horiek iraun bitartean —hilabete bateko epea dago— . Enpresa batzordean sei ordezkari ditu ELAk, lau LABek, bi UGTk eta bakar bat CCOOk.

Enpresa batzordeko ordezkariak Agoizko lantegiaren aurrean bildu dira gaur itxiera iragarpenaren ondoren egin nahi dituzten urratsak iragartzeko. Greba ez ezik, manifestazio bat ere antolatu dute uztailaren 11ko 18:00etarako, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta. Agertzeko deia egin diete herritarrei: «Ziur gaude Gamesa Agoitz ez ixtea lortuko dugula».

Nafarroako ordezkari politikoekin bilera sorta bat egitea eskatu dute. Maria Txibite lehendakariarekin elkartu nahi dute, baita Unai Hualde Parlamentuko presidentearekin, Arartekoarekin eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoekin ere.

Langileen ordezkariek ukatu egin dute enpresak fabrika ixteko erabilitako argudioa, hau da, ez dela errentagarria. «Deslokalizazio hutsa eta gogorra da. Ez da galerak dituen enpresa bat, baizik eta diru asko irabazten duena eta are gehiago irabazi nahi duena gure etorkizuna eta gure familiena axola gabe».

«Ez dugu hitz politik nahi»

2021eko irailera arteko lan karga bermatua zutela ziurtatu dute. «Gure lantokiak 10 urte baino ez ditu, eta oso lantoki lehiakorra da. Produktibitate eta kalitate maila handiak ditu, eta, gainera, pala eredu handiagoak egiteko eta egokitzeko gaitasuna dugu. Ixteko benetako arrazoi bakarra, hain zuzen, eskualde oso baten etorkizuna sakrifikatzea axola ez zaion multinazionalaren eskrupulu falta eta zekenkeria da, enpresa honek lehenago Nafarroan Altsasuko, Tuterako, Imarkoaineko edo Olatzagutiko lantegia itxi zuenean erakutsi duen jokamolde bat».

Enpresa batzordeak nabarmendu du Siemens Gamesa «diru publiko asko» jaso duen enpresa bat dela, eta horregatik uste dute Nafarroako erakundeek gogor presio egin behar dutela. «Ez dugu nahi hitz politik eta elkartasun faltsurik gure agintarien eta gure erakundeen aldetik. Egitateak nahi ditugu, eta benetako konpromisoak nahi ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.