Katalunia

Puigdemontek alderdi bat sortuko du uztailaren 25ean

Junts Per Catalunyan parte hartu duten eragileak bildu nahi ditu proiektu berrian. Sanchezek, Cominek, Turullek, Rullek, Fornek eta Puigek babestu dute, besteak beste.

Puigdemont, Perpinyan otsailaren 29an eginiko ekitaldian. DAVID BORRAT / EFE
BERRIA
2020ko uztailaren 2a
19:27
Entzun

Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemontek alderdi baten sorrera iragarri du Twitter bidez. «JxC zeharkako erreminta bihurtzeko konpromisoa hartzen dugu, plurala, eraginkorra eta errepublika katalanaren eta pertsonen zerbitzura egongo dena. Hilaren 25ean elkarrekin bidea egiten hastera gonbidatzen zaitugu», adierazi du.

 

Puigdemontek azaldu duenez, Junts Per Catalunyan parte hartu duten eragileak bildu nahi ditu proiektu berrian. Azaldu duenez, «Espainiako Estatuak erreformatzeko eta demokrazia bihurtzeko asmorik ez duela uste dutenei» zuzendu nahi zaie proiektu berria, baita «urriaren 1a posible egin zutenei» eta Kataluniaren independentzia helburu dutenei ere.

Uztailaren 25erako iragarri du alderdi berria eratzeko kongresua. Hain justu, PDeCATek uztailean du egitekoa batzar nazionala, eta eztabaida nagusietako bat izango da alderdiak JxCren espazio politikoa berrantolatzeko zer bide hartu behar duen.

Twitterreko mezuari dokumentu bat atxiki dio Kataluniako presidente ohiak, eta, amaieran, alderdi berriaren sorrera babesten duten ordezkari ezagunen izen zerrenda ageri da. Tartean dira Turull, Rull eta Forn kontseilari ohi espetxeratuak eta erbesteko Lluis Puig kontseilari ohia —laurak PDeCATeko kideak—, Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta Crida Nazionaleko burua, Toni Comin JxCeko parlamentaria eta JxC koalizioko kargudun ugari.

Rull, Turull, Forn eta Puig kontseilari ohiek idatzi bat bidali zioten atzo PDeCATeko zuzendaritzari, joan den astean egin zuten proposamena bertan behera uzten dutela jakinarazteko. Joan den astean, Cridarekin alderdi berri batean elkartzea proposatu zioten kontseilari ohiek zuzendaritzari, eta sei hilabeteko epean PDeCAT desegin ala ez erabakitzea. Zuzendaritzak baztertu egin zuen. Kontseilari ohiek adierazi dute PDeCATeko militanteek izango dutela azken hitza.

Puigdemontek alderdi berri bat eratuko duela jakinarazi eta ordu gutxira, ohar bat kaleratu du PDeCATek bere kideei gogorarazteko alderdiak ez duela «militantzia bikoitza onartzen». Hau da, Puigdemonten alderdi berrian izena emanez gero PDeCATeko kide izateari utziko diotela automatikoki. Horrek zuzenean eragingo lieke Puigdemonti berari, Turull, Rull, Forn eta Puig kontseilari ohiei eta egun Generalitatean kontseilari diren Meritxell Budori eta Damia Calveti, esaterako —guztiak dira PDeCATeko militanteak—.

PDeCATek eta Cridak Junts per Catalunya (JxC) koalizioa eratu zuten 2017ko azaroan, Puigdemonten konfiantzazko independenteekin batera. Ordutik, baina, ugariak izan dira postkonbergente deitu izan den espazio politikoaren barruko tirabirak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.