REALA 2-1 ESPANYOL

Realak bolada txarra eten du, Anoetan Espanyoli irabazita

Bisitariek sartu dute partidako lehen gola, aurreneko zatian, baina, bigarrengoan, Willian Josek eta Isakek egindako golek buelta eman diote emaitzari

Willian Jose eta Oiartzabal, lehen gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
Julen Etxeberria.
2020ko uztailaren 2a
21:42
Entzun

Realak bolada txarra eten du, eta burua altxatu. 2-1 irabazi dio gaur Espanyoli, Anoetan, eta, horri esker, lehen partida irabazi du lehiari berriro ekin zitzaionetik. Ia hiru aste eta bost jardunaldi behar izan ditu hori lortzeko. On egingo dio, beharra baitzuen, behar handia, jota baitzegoen, muturrekoak bata bestearen atzetik jasota. Azken lau jardunaldiak ziren horren adibide: puntu bakar bat ere ez, eta hamaika disgustu. Arrastorik ez zegoen koronabirusak dena hankaz gora jarri aurreko talde ikusgarriaz. Akabo Txapeldunen Ligarekin amets egitea. Europa ligarekin konformatu behar, eta, hori lortzeko ere, izerdia bota behar. Gaurko garaipenari esker, berriz dago Europako postuetan, baina gainean ditu atzekoak. Azken bost jardunaldietan jokatuko da dena.

Bolada txarra eten izanak konfiantza emango dio talde txuri-urdinari, eta mamuak uxatzeko balio. Are gehiago, irabazteko, partidari buelta eman behar izan baitio, Espanyolek sartu baitu lehen gola. Atzokoari segida ematea da orain garrantzitsuena, egun bateko susperraldia ez dela erakustea. Astelehenean du hurrengo neurketa, La Nucian (Herrialde Katalanak), Levanteren aurka.

Jokalari garrantzitsuen txakalaldia, eta, horrek eraginda, jokoa sortzeko ezintasuna; defentsan egindako huts larriak; eta epaileek hartutako zenbait erabaki eztabaidagarri; arrazoi horiek guztiek kondenatu zuten talde txuri-urdina etenaldiaren osteko aurreneko bost lehietan. Gaur ez du sekulako gorakada izan, baina aurreko partidetan merezi eta jaso ez duena jaso du. Ondorioa: garaipena, eta lasaitua.

Neurketaren garrantziaren jakitun, eskarmentuaren alde egin du Imanol Alguacilek, eta Moya jarri du Remiroren partez. Ustekabea izan da, Moyak urte erdi pasatxo baitzeraman jokatu gabe. Diego Llorente, Portu eta Willian Jose izan dira beste berritasunak azken partidarekin konparatuta. Sistema ere aldatu du, erasokorrago jokatzeko. Partidaren bila joan nahi zuen.

Eta hasi eta berehala saria jasotzear izan da. Bosgarren minutuan, Willian Josek gola sartu du Monrealen erdiraketa bat buruz errematatuta. Epaileak ontzat eman du, baina VARak baliogabetu egin du, aurrelaria jokoz kanpo baitzegoen. Kolpea izan da, baina ezer ez konparatuta jarraian etorriko zenarekin. Izan ere, handik bost minutura gola sartu du David Lopezek, Embarbak ezkerretik egindako erdiraketa buruz errematatuta. Hamargarren minutua zen, eta Reala jada kontrakarrean aritzera behartuta zegoen. Beste behin. Hori gutxi ez, eta Januzajek, azkeneko partidetako onenak, min hartu du atsedenaldia iristear zela. Odegaardek ordezkatu du.

Ezer gutxi aldatu da bigarren zatiaren hasieran, eta inor nagusi izan bada, hori Espanyol izan da. Baina arriskurik sortu gabe. Are gutxiago sortu du Realak, baina, halako batean, Merinok pase bikaina eman dio Oiartzabali, eta hark erdiraketa neurtua ezkerretik Willian Joseri. Brasildarrak ez du barkatu, eta banakoa sartu du. 55. minutua zen. Denbora zegoen.

Golak partida aldatu du: gora egin dute etxekoek, eta behera bisitariek. Eta nagusitasun horren saria jaso dute txuri-urdinek 85. minutuan. Aritz Elustondok erdiraketa egin du eskuinetik, Oiartzabalek area barruan ukitu du baloia, eta Isakek errematatu, sarera. Alferrikakoa izan da Espanyolen azken ahalegina. Azkenean, garaipena, eta, aspaldiko partez, poza txuri-urdinen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.