Hildako bat eta 15 kutsatu gehiago izan dira, datu ofizialen arabera

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du Nekane Murga Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute Bilbon.

ENDIKA PORTILLO / FOKU. LEHEN ARRETAKO PROFESIONALEN PROTESTA BAT, IAZ, GASTEIZEN.
Ane Eslava.
2020ko uztailaren 4a
18:48
Entzun

Hamabost kasu baieztatu dituzte azken orduetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Nekane Murga Osasun sailburuak gaur iragarri duenez. Zehazki, lau kasu atzeman dituzte Araban —guztiak Gasteizen—, bost Bizkaian —lau Bilbon eta bat Getxon— eta sei Gipuzkoan —lau Orion, bat Donostian eta bat Ordizian—. Horiez gain, 68 kasu erregistratu dituzte test azkar edo serologikoekin. Guztira, 3.079 proba egin dituzte. Koronabirusean positibo emandako pertsona bat zendu da, bi hilabete zeramatzana zainketa intentsiboetan. Bestalde, hiru pertsonari eman zieten ospitaleko alta.

Nafarroan, berriz, ez dute positibo berririk antzeman, ez eta hildakorik ere, Nafarroako Gobernuko Osasun departamentuak jakinarazi duenez. Pertsona bat ospitaleratu dute.

Eguerdian egindako agerraldian, Murgak esan du datuek «baikor» izateko aukera ematen dutela, eta, zenbait tokitan birusak gorakadak izan arren, egoera «kontrolpean» dagoela. Hala ere, gogorarazi du egoera «hauskorra» dela, eta, horregatik, eskatu du «zuhurtziari eusteko» eta ez errepikatzeko «aurreko egunetan ikusitako zenbait eszena».

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari dagokionez, Murgak onartu du pandemiaren «unerik larrienetan» babes material «jakin» batzuk urriak izan zirela, baina azpimarratu du une horretan «mundu osoan» gauza bera gertatzen ari zela. Nabarmendu du, era berean, epaitegiak onartu duela Osakidetzak kudeaketa ona egin zuela gabezia horiek konpontzeko.

Baliabide gehiagoren eske
Lehen arretako profesionalak kalera atera dira gaur Bilbon, osasun publikoaren alde, Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak deituta. Pandemia garaian izandako «baliabide material falta» salatu dute, eta birusaren balizko agerraldi berriei aurre egiteko baliabide gehiago eskatu dituzte, herritarrei «merezi duten arreta» eman ahal izateko: «Kalitatezkoa».

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da Arriaga plazan, eta osasun langile batzuk zabor poltsa beltzak jantzita joan dira, norbera babesteko ekipamenduak irudikatuz. Protestan zehar material horiek egiteko tailer bat ere jarri dute.
Haiei ere erantzun die Murgak. Osakidetzak «entzun egingo diela» adierazi du, eta haiekin lan egiteko «eskua luzatuta» duela. Onartu du lehen arreta indartu beharra dagoela, «duela bi urte baino gehiagotik», baina ziurtatu du horretarako «estrategia bat» duela.

Horrez gain, gogorarazi du aste honetan bertan gobernu kontseiluak lehen mailako arretan 110 lanpostu gehitzea onartu duela, eta aurten Osakidetzaren langileen kopuruan «inoizko egonkortzerik handiena» egin dutela. «Lehen mailako arreta hobetzeko eta indartzeko» lanean jarraitzeko prest daudela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.