Athletic 0-1 Real Madril

Gosea baretu ezinda

Athleticek ezin izan du Real Madril garaitu, eta esku hutsik geratu da zurien aurka jokatu duen partidan. Sergio Ramosek bigarren zatian sartu du bisitarien gola, penaltiz.

Iker Muniain eta Luca Modric, baloi bat lehiatzen. Jokalari nafarra izan da Athleticen pizgarria lehen zatian. LUIS TEJIDO / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2020ko uztailaren 5a
16:50
Entzun

Liga irabazteko kolpea jo nahi zuen Real Madrilek, eta Athleticek ezin izan du hura saihestu. Zuri-gorriek galdu egin dute txapelketako liderraren aurka (0-1), eta haien saiakerek ez dute saririk jaso. Gaizka Garitanoren taldeak ez du amore eman neurketa osoan, baina Sergio Ramosek 73. minutuan egin duen gola nahikoa izan da balantza bisitarien aldera botatzeko.

Une onean iritsi da Athletic San Mameseko partidara, eta Europa ligara sailkatzeko bidean urratsa egin nahi izan du. Kukuak oker jo dio, ordea; Real Madrilek ez du aparteko jokorik egin, baina nahikoa izan du aldeko penalti bat Unai Simonen atea zulatu eta hiru puntuak lortzeko.

Hasi, orekatuta hasi da neurketa, eta hala iraun du lehen zatian. Bilbotarrak gerturatu dira Thibaut Courtoisen area ingurura, baina zelaiko azken metroetan gatza falta izan dute. Erasoan Iker Muniain izan da itsasargia; haren oinetatik igaro dira etxekoen arrisku jokaldi gehienak. Bien bitartean, hegaletatik min egiten saiatu da Real Madril, Karim Benzemaren erremate bat noiz iritsiko.

Bi taldeak lehia beren aldera eramatera saiatzen ari ziren bitartean, aldaketa bat egitera behartuta egon da Garitano. Yeray Alvarezek min hartu du eskuin zangoko soleoan, eta Unai Nuñez sartu da haren ordez. 20. minutua zen.

Hurrengo minutuetan iraun egin du Athleticek, eta bi taldeak hutsean joan dira aldageletara. Raul Garciak buruz egindako erremate bat izan da bilbotarren aukerarik argiena; golik ez ezein aldetan, ordea, eta hasieran bezela segitzen zuen markagailuak.

Real Madrilen urratsa

Athleticek asmoei eutsiz ekin dio bigarren zatiari. Partida sendoa egiten jarraitu nahi zuen, aukera zuenean kolpea jotzeko. Kontrarioak behartu du pentsamendua aldatzera, baina; Real Madrilek baloi jabetza handitu du, eta zelaiaren jabe egiten hasi da pixkanaka. Egoera horretan, atzeko lerroa ondo lotu eta kontraerasora jo nahi izan du Athleticek, baina ez du asmatu.

Izan ere, neurketa bigarren zatiaren erdialdera iristen ari zela, nagusitasunari eusten ari zen Real Madril, eta orduan heldu da garaipena eman dion gola (73. min.). Penaltiz izan da, eta Sergio Ramosek sartu du. Marcelo Vieirak ezker hegaletik egindako saialdia oinarekin oztopatu du Dani Garciak, eta lurrera jausi da brasildarra. Hasieran ezer adierazi ez badu ere, VAReko irudiak ikusi ostean penaltia izan dela ondorioztatu du epaileak, eta Ramosek ez du huts egin. Espainiarrak bost gol sartu ditu ligaren etenaren ostean. 

Neurketa aldapa gora zuela, Athletic saiatu da berdinketaren bila, baina alferrik. Bisitarien areara iritsita, etxekoek beste penalti bat eskatu dute, beren alderako hura, Ramosek zapaldu egin baitu Raul Garcia. Halakorik ez du ondorioztatu Gonzalez Gonzalez epaileak, eta jokoak bere horretan segi du.

Hortik aurrera, ondo itxi da Real Madril. Bazekien liga irabazteko helburuari begira pausoa sendoa ematear zela, eta ez du aukera pasatzen utzi: hiru puntuak eraman ditu. Etxekoen aldetik Asier Villalibre eta Oihan Sanceten saialdiek ez dute fruiturik eman, eta hutsean geratu dira Garitanorenak. Nahi baina ezin; gosea baretu ezinda geratu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.