Hilketa matxistak

Nagore Laffage oroitu dute Iruñean

12 urte beteko dira gaur Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuela. 2018tik aske dago baldintzapean. 

Nagore Laffagen omenaldia, 2018ko uztailean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko uztailaren 7a
12:56
Entzun

Uztailaren 7ak ez du bakarrik besta itxura Iruñean. Aldarrikapena ere bada. Hamabi urte beteko dira gaur Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuela, eta, aurten bestarik ez den arren, Laffage oroitu eta omenaldia egin diote. Eguerdiko ordu batean izan da ekitaldia, Iruñeko Vinculo plazan, Nagore Ez zaitugu ahazten, Justizia eta konponketa guztientzat. Bakarrik bai da bai lelopean. Astelehen Lilak elkarte feministak antolatu du bilkura. 

Samindura eragin zuen Iruñean Laffageren hilketak. Ez, ordea, hilketak bakarrik. Hasieran, genero-indarkeria kasu gisa ikertu zuten hilketa, baina, Laffageren eta Yllanesen artean bikote harremanik ez zela jakitean, prentsak utzi egin zion genero indarkeria deitzeari. 

Horrek zuzenean eragin zuen epaiketan eta Yllanesek jasotako zigorrean. Fiskalak eta Laffageren familiaren abokatuak hogei urteko espetxealdia eskatu zuten Yllanesentzat, hilketa delitu batengatik. Baina herri epaimahaiak ebatzi zuen hilketa ez baizik homizidioa izan zela, eta epaileek hamabi urte eta erdiko zigorra ipini zioten. 2018tik aske dago baldintzapean. 2019an, gainera, hainbat hedabidek zabaldu zuten psikiatra gisa ari zela lanean Madrilgo kontsulta batean.  

Laffageren hilketak inflexio puntua eragin zuen mugimendu feministan, eta bereziki jai giroko eraso matxistei eman beharreko erantzunetan. Hilketaren 10. urteurrena kari kazeta honek egindako erreportajean, hala onartu zuen Zuriñe Altable Iruñeko mugimendu feministako kideak: «Orduan ez ginen ohartu. Baina, orain, atzera begiratu, eta konturatu gara ispiluaren aurrean jarri gintuela. Hasieran, beste hilketa matxistetan bezala erantzun genuen. Baina apurka ohartu ginen: zer gertatzen ari da jaietan? Hilketa matxista hark bazuen testuinguru bat: jai giroan gertatu zen».

Hala, geroztik Iruñean izandako eraso matxistek herritarren erantzuna zabala izan dute. 2016an izandako talde bortxaketaren ondotik, mobilizazio handiak egin zituzten Iruñean, eta epaiketak iraun zuen bitartean eta epaia jakinarazi ondotik ere herritarrek kaleak hartu zituzten biolentzia matxista gaitzetsi eta justizia egiteko eskatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.