Metaleko negoziazioak

Adegi prest dago «edozeri buruz» hitz egiteko, sindikatuek «gatazka» alboratuz gero

Patronalaren esanetan, metalgintzako hitzarmen berriak «enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bermatu» behar ditu. ELAk salatu duenez, Adegik «gehiegizkotzat» jo ditu sindikatuen eskaera gehienak, baina «urrats» batzuk egin ditu.

Adegiko ordezkariak, otsailaren 18an eginiko bileran. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 7a
13:36
Entzun

Adegi Gipuzkoako patronalak baldintza bat jarri die sindikatuei, Gipuzkoako metalaren hitzarmenaren negoziazio «eraikitzailea» izan dadin: elkarrizketek iraun bitartean «gatazka» oro gelditzeko.

Patronalak eta sindikatuek Gipuzkoako metalaren hitzarmenaren negoziazioari heldu diote berriro, COVID-19aren alarma egoera dela-eta gelditu ondoren. Otsailaren 18an bildu ziren lehen aldiz. Uztailaren 16rako jarri dute hurrengo bilera.

Gipuzkoako lan itunik handiena da metalgintzarena. 40.000 langile ingururi eragiten die, eta 2011. urtetik iraungita dago, Arabakoa bezala. Iazko abenduan berritu zuten Bizkaikoa. Sindikatuek ez zuten bide erraza izan: 39 bilera behar izan zituzten patronalarekin, eta mobilizazio kanpaina baten ostean eta zortzi eguneko greba bat hasteko zorian zeudela lortu zuten akordioa.

Egoera berria

«Gipuzkoako hitzarmenik garrantzitsuenean akordioa lortzeak lurraldearen eta enpresen egonkortasunari lagunduko lioke, inoiz baino beharrezkoagoa baita egoera zail eta zalantzagarri honetan», azpimarratu du Adegik komunikabideetara bidalitako ohar batean.

Patronalak «negoziatzeko borondatea» berretsi du, «enpresentzat eta pertsonentzat akordio on bat lortzeko», patronala bultzatzen ari den «enpresa kultura berriaren» printzipioetan oinarrituta. «Konfiantza da enpresaren kultura berriaren oinarria; hori hala, Adegi prest dago negoziazio mahaian planteatzen den edozein gairi buruz hitz egiteko».

Patronalaren esanetan, bere helburua da «enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko premisapean, alde guztiak eroso sentituko garen adostasun agertokietara iristea».

«Lehen urratsak»

Sindikatuek, berriz, hainbat proposamen jarri dituzte mahai gainean, baina ELAk azaldu duenez —sindikatu nagusia, %49ko ordezkaritzarekin—, Adegik «gehiegizkotzat» jo ditu, nahiz era horietako jada lurraldeko metalgintzako enpresa hitzarmena ugaritan jasota egon, hala nola aurreko urteetako soldata igoerak.

Horrekin batera, sindikatuek honako eskaera hauek egin dituzte, besteak beste: lanaldia murrizketak, behin-behinekotasuna murriztea, langile azpikontratatuen subrogazioa bermatzea, ultraaktibitatea eta lan erreformako beste artikulu batzuk kanpoan uztea, eta hitzarmena alde bakarrez bertan behera uzteko aukera kentzea.

ELAk azaldu duenez, Adegik azken puntu hori aztertzea onartu du, eta, horrekin batera, hitzarmen probintziala aurrerako eragin mugagabez hornitzea, eta Gipuzkoako metaleko hitzarmenari lehentasuna ematea estatalen aurrean. «Lehen urratsa da, Gipuzkoako metalean egonkortasuna lortzeko bidean», azpimarratu du sindikatuak.

LABen arabera —%34ko ordezkaritza du—, bileraren «alde positiboa» izan da alde guztiek, patronala barne, prest agertu direla hitzarmena negoziatzen jarraitzeko. «Hortik aurrera, desadostasun eta ikuspuntu ezberdinak azaleratu dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.