Agoizko Gamesa ez ixteko eskatu dute sindikatuek lehen bileran

Planta lehiakorra izan daitekeela esan dio langile batzordeak enpresari bJabeek ez dute jarrera aldatu. 239 langileek greba hasi dute

Siemens Gamesak Agoitzen duen fabrikako langile bat. Energia eoliko errotentzako palak egiten dituzte. IñAKI PORTO (EFE)
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko uztailaren 8a
20:04
Entzun

Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesa bideragarria dela esan dio langile batzordeak enpresako zuzendaritzari. Bi aldeek lantegiaren itxiera ekarriko lukeen espedientearen baldintzak negoziatzeko lehen bilera egin dute asteazken honetan, eta sindikatuek atzera egiteko eskatu diete multinazional eolikoko buruei. «Ez dugu beste planteamendurik», nabarmendu dute. Haien ustez, fabrika «lehiakorra» izan daiteke, eta itxieraren arrazoi bakarra ekoizpena lekualdatzea da, soldatak baxuagoak diren herrialdeetara.

Gamesako 239 langileek grebari ekin diote, enpresarekin egin beharreko negoziaketak hastearekin bat. Urduritasun handiko hilabetea datorkie, hori baita negoziazio epea. Horrelako prozesuen lehen bilerak formalismoak eta egutegiak zehazteko izaten dira. Dena den, enpresaren aldetik ez da berritasunik egon, eta ixteko asmoari eusten dio. Haren argudioak itxieraren berri eman zueneko berak dira: planta ez dela errentagarria, itsas portu gertuenetik urrun dagoela eta Agoitzen ekiten diren palek —132 metrokoak— ez dutela etorkizunik.

Langile batzordean, hala ere, ez daude ados —hemen batzordeko presidente Alfonso Poyori BERRIAk eginiko elkarrizketa— . Sindikatu guztiak bat eginda negoziatzen ari dira —ELAk sei ordezkari ditu; LABek lau, UGTk bi eta CCOOk bakarra—, eta denek dute garbi ez dagoela ixteko arrazoi objektiborik. «Deslokalizazio kasu garbi bat da hau. Portugalera badoaz, han eskulana merkeagoa delako da», salatu du Baltasar Garcia UGT sindikatuko ordezkariak. Puy Remirez ELA sindikatuko industriako arduradunak antzeko argudioak plazaratu ditu. «Hemen egiten diren palek badute merkatua, zerbaitegatik jarraituko dute horien ekoizpenarekin Tangerren [Maroko]». —gaiari buruzko analisia, hemen

Sindikatuek enpresa politikari egozten diote erabakia, «are gehiago duela lau egun langileei esan zietenean 2021era arteko lan karga zegoela», azaldu du Garciak. Haren ustez, langileek «erakunde publikoek nahi dutena» lortuko dute: «Galdera hurrengoa da, zer egingo du Nafarroakoa Gobernuak hau eragozteko, minduta eta harritua dagoela esateaz gain? Gamesak nahi duena argi dago, lau euro ordaindu eta denak etxera joatea».

Erakunde publikoen inplikazioa eskatu dute, baina Remirezek gogoratu du Gamesak diru laguntzak jaso zituela Agoitzen egoteagatik, eta horregatik argi dutela euren eskaintza bakarra itxiera espedientea «atzera botatzea» dela: «Ez dago ixteko legezko arrazoirik».

Hilaren 16an izango dute negoziazio egutegiko bigarren bilera, eta bezperan Maria Txibite Nafarroako presidentearekin bilduko dira. Aurretik ere alderdi politiko ezberdinetako ordezkariekin egongo dira, baita Nafarroako arartekoarekin ere.

Enpresak arrazoi teknikoak eman ditu itxiera arrazoitzeko, baina sindikatuek ere badituzte beraienak. «Fabrika duela gutxi ireki zuten, 11 urte baino ez, eta energia berriztagarrien moduko sektore estrategiko bat bultzatzeko asmoz», argudiatu du ELAko ordezkariak. Sindikatuek ez dute ulertzen mota horretako azpiegitura moderno batek nola galdu duen bere eraginkortasuna hain epe motzean. «Inbertsio bat eginez gero, fabrika hau egokitu daiteke pala handiagoak egiteko. Tokia badago».

Langile batzordea enpresari laguntzeko prest dago, baina gogoratu du 2019an bikoiztu egin zituela langile kopurua eta ekoitzitako pala kopurua. Ia 400 langile izatera iritsi zen, eta iragan astean kontratua bukatu zitzaien behin behinean zeuden hirurogei langileei. Langile batzordeko kideen kopurua zazpitik hamahirura igaro zen.

Manifestazioa larunbatean

Gamesako langileek ez dute gora begira gelditzeko asmorik, eta mobilizazioak antolatu dituzte Iruñean. Astezken honetan, auto karabana egin dute erdiguneko kaleetatik, eta larunbaterako manifestazio antolatu dute. 18:00etan hasi, eta autobus geltoki zaharretik irtengo da. «Hiritar guztiek agertu beharko lukete, ez baita fabrika bakar bat, baizik-eta atzean duen esanahia. Siemens sartu zenetik, Gamesa apurka joaten ari da Nafarroatik, eta gizarteak horren berri izan behar du», nabarmendu du Garciak. Izan ere, presio soziala erabakigarria izan daitekeela uste du: «Negoziazioa oso gogorra izango da, eta litekeena da legezko epe guztiak agortzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.