Maiatzaren 20tik ez zen hain datu txarrik positibo berrietan

Hego Euskal Herrian azkeneko 24 orduetan 35 kasu positibo agertu dira PCR probak eginda. Maiatzaren 20an 31 kasu izan ziren, eta hilabete eta erdian ez da izan hain emaitza txarrik.

PCR probak egiten, aste honetan, Ordizian. JON URBE / FOKU
mikel p ansa
2020ko uztailaren 8a
21:12
Entzun

Goiz da esateko joera okertu ote den edo aldi bateko datu solte bat den, baina aspaldiko daturik okerrena agerrarazi dute PCR probek azken 24 orduetan. Maiatzaren 19an 39 positibo atzeman zituzten Hegoaldeko lau probintzietan, eta maiatzaren 20an, 31 positibo. Harrezkero, asko jaitsi da kasu berrien agerpena. Eguneko hogei baino gutxiago izan dira, eta hilabete eta erdiz eutsi dio joera horri. Ekainean, eguneko 14,6 kasu berri detektatu dituzte. Baina astearte honetan aldaketa bat igarri da: 35 kasu positibo agertu dira PCR probekin, eta hilabete eta erdian ez da izan halako daturik.

Oraindik ezin da esan okerreko joera hartu ote duen COVID-19ak atzera. Batetik, aintzat hartu behar da Ordiziako kasuari lotutakoak direla orain agertu diren positibo asko; horrek eragin du azkeneko egunetan kasuak ugaritzea. Bestetik, ordea, positibo berri bakanak ere ugaritu dira azkeneko egunetan, foku jakinei lotu gabe ere. Azkeneko astean, Hegoaldeko 28 herritan baino gehiagotan agertu dira kasu positiboak —guztira 124 kasu berri detektatu dituzte Hegoaldean, uztailaren 1etik 7ra, astebetean—.

Gainera, Araban beste zortzi kasu agertu dira astearte honetan; zortzi horietatik zazpi Gasteizkoak dira —eta azkeneko aste honetan Arabako hiriburuan hogei kasu berri antzeman dituzte—. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua bera ere kezkatuta agertu da Gasteizko datu horiekin, eta jatorria eta haien arteko lotura ikertzen ari direla azaldu du.

Azkeneko egunetan normala izan da foku batzuei lotuta kasu positibo berrien kopuruak gora egitea, baina astearte honetako PCR proben emaitza deigarria da. Kutsatze kateak etenda ote dauden edo ez jakiteko gutxienez hamar bat egun itxaron beharko dira, segurtasunez hitz egiteko. Oraindik goiz da. Baina aste honetan datozen egunetan agertuko diren datuek seinale bat emango dute, joera zein izango den oraindik ezin baita igarri.

<p>

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.