Serbia

"Estatu-kolpe saio bat" egin dutela salatu du Serbiako Gobernuak

Asteartean hasi ziren protestak, Vucic presidenteak itxialdia ezarriko zuela iragarri zuenean COVID-19 kasuek gora egin ostean.

Polizia eta manifestarien arteko enfrentamenduak Belgraden. ANDREJ CUKIC, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko uztailaren 9a
09:54
Entzun

Protestak koronabirusa dela-eta gobernuak ezarri asmo zuen itxialdiaren aurka hasi baziren ere, Aleksander Vucic presidentearen aurka jo dute ondoren manifestariek. Bigarren egunez jarraian, istiluak izan ziren atzo hiriburuan, eta hainbat manifestari parlamentura sartzen saiatu ziren. Poliziak negar gasarekin eta blindatuekin jo zuen haien aurka. Barne ministro Nebojsa Stefanovicek salatu zuen «estatu-kolpe saio bat» izan zela.

Stefanovicen esanetan, «herritarren onespenik gabe eta hauteskundeetan parte hartu gabe boterea bereganatzeko ahalegin bat» izan da bart gauekoa. Barne ministroak onartu du denek dutela «protesta egiteko eskubidea», betiere indarkeriarik erabili ezean, eta txalotu egin du Poliziaren jarrera, argudiatuz «euren bizitzak arriskuan zeudenean soilik» erantzun dietela erasoei.

Vucicek berak eskuin muturrari egotzi dio protestak bultzatu izana, eta azken egunetakoak inoizko «protesta politikorik ankerrenak» izan direla salatu du. Zenbait komunikabideren arabera, eskuineko hainbat diputatu leudeke manifestazioen atzean, gobernuak pandemiaren aurka hartutako neurriak autoritariotzat jotzen dituztenak.

Pandemiaren lehen asteetan kasu gutxi izan zituen Serbiak, baina azken astean ugaritu egin dira positiboak, eta joan den asteartean izan zituzten orain arteko datu okerrenak: hamahiru hildako. Egoera okerrena Belgrad hiriburuan dute, han gobernuak debekatu egin zituen bost pertsona baino gehiagoko bilerak, eta etxeratze agindua ezarri zuen 18:00etatik aurrera. Protestak gogortu ahala, ordea, atzera egin behar izan zuten.

Oposizioak leporatu dio Vucici azkarregi arindu izana koronabirusaren aurkako neurriak —maiatzean baimendu zuten futbol partidak ikusle eta guzti jokatzea, eta bestelako murrizketa batzuk ere arindu zituzten—. Horrez gain, hildako eta kutsatuen benetako kopuruak eman ez izana ere egozten diote. Belgraden orain arteko datuen arabera, 341 dira hildakoak eta 17.076 kutsatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.