NBEn arabera, pandemiak nabarmen areagotuko du pobrezia Latinoamerikan

Joan den urtean baino 45 milioi txiro gehiago izatea aurreikusten dute, eta larria izango da atzeraldi ekonomikoa.

Janaria banatzen, Perun. PAOLO AGUILAR / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 9a
12:18
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeak COVID-19aren pandemiak Latinoamerikan utziko dituen ondorioen inguruko txosten bat landu du, eta ilunak dira marraztutako panorama eta aurreikuspenak. Ohartarazi dutenez, eremu horretan nabarmen areagotuko dira pobrezia eta desberdintasunak. Hala, horri aurre egiteko asmoarekin, eskualdeko gobernuei eta nazioarteko komunitateari eskatu die babesa eman diezaietela pertsona kalteberenei.

Antonio Guterres NBEen idazkari nagusiak gogoratu du eskualde hori bilakatu dela birusaren epizentroa, eta gogor jo dituela bertako hainbat herrialde. Krisiaren ondorioz, Latinoamerikan eta Kariben BPG Barne Produktu Gordina %9,1 jaistea espero dute, eta, hori, ehun urtetan izandako «atzeraldi ekonomiko handiena» litzateke.

CEPAL NBEren Latinoamerikarako Batzorde Ekonomikoaren arabera, esportazioek eta bidalketek %20 inguruko beherakada pairatuko dute, eta horiek dira eskualderako diru sarrera handienetarikoak.

Modu horretan, larriak izango dira pandemiak eragingo dituen ondorio sozialak. Alicia Barcena CEPALeko idazkariak iragarri du gora egingo duela pobreziak, eta urte honetan 45 milioi pertsona txiro gehiago izatea aurreikusten dute. Horrekin, eskualdean 230 milioi pertsona geratuko lirateke pobrezian. Gainera, 28 milioi lagun gehiago geldituko dira muturreko pobrezia egoeran, 96 milioi guztira. Barcenaren esanetan, herritar horiek ezin izango dituzte oinarrizko elikadura beharrak ase.

Horrez gainera, azpimarratu du pobreziak «emakume aurpegia» duela, eta neurriz kanpo eragiten diela herri indigenei eta afrikarren ondorengoei. Migratzaileen eta errefuxiatuen zaurgarritasunak ere gora egingo du.

Guterresek nabarmendu duenez, Latinoamerikako eta Karibeko «garapen eredua eraldatu» behar da. Era berean, eskualde horietako desberdintasun mailak «jasanezinak» direla salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.