Koronabirusa

Laboral Kutxa: «Euskal ekonomiak bi urte beharko ditu aurrekora itzultzeko»

Bankuaren aurreikuspenen arabera, BPGa %8,9 jaitsiko da EAEn, eta %8,6 Nafarroan, betiere koronabirusaren beste agerraldirik ez badago.

Ibon Urgoiti, Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria eta Joseba Madariaga ekonomia ikerlaria, txostenaren aurkezopenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko uztailaren 9a
13:26
Entzun

«Sekula izan gabeko astindu bat izan da, oso epe motzean izan delako, eta, neurri publikoek arindu duten arren, lan merkatuan izango duen eragina nabarmena izango da». Ibon Urgoiti Laboral Kutxaren negozio garapenerako arduradunak horrela laburbildu ditu banketxeak 2020rako eginiko aurreikuspenak. Urtero egiten dute txostena, eta pandemiak erabat baldintzatu du aurtengoa. Horren arabera, ikerlarien ustez, euskal ekonomiak bi urte beharko ditu aurrekora itzultzeko, «betiere beste agerraldirik ez badago», aurreratu du Joseba Madariagak, bankuaren ikerketa buruak.

Txostenaren arabera, EAEko BPGa %8,9 jaitsiko da 2020n, eta %8,6 Nafarroan. 2021ean, aldiz, gorakada nabarmena egongo da, baina ez aurrekora itzultzeko modukoa: %7 EAEn eta %6,8 Nafarroan. Hortik dator gutxienez bi urte beharko diren kalkulua. Enpleguari dagokionez, EAEn %7,3 jaistea espero da, eta, ondorioz, langabezia tasa %14,2ra igotzea. Nafarroari dagokionez, %7,1 jaitsiko da, eta langabezia tasa %13,2 izango da. BPGarekin gertatu bezala, 2021. urtean suspertzea ez da lanpostu galerareb adinakoa izango.

Eta KPIa negatiboa izango da, Laboral Kutxaren ikerlariena arabera. EAEn %0,3 jaitsiko da, eta Nafarroan %0,2. Espainiarako datu hori bera aurreikusi dute. Dena den «ziurgabetasunaren» zama nabarmendu dute. Adibidez, urruntze soziala oztopo handia izaten ari da zerbitzu sektorean jarduera ekonomikoaren erritmoa leheneratzeko. Beste arazo handi bat hornidura kate handiak dituzten industrietan detektatu dute, herrialdez herrialde dauden aldeek jarrera murritzarazi dutelako. Autogintzaren kasuan gertatzen ari da, eta, esaterako, garraio materialei dagokienez aurtengo urtarril-apiriletan %23 jaitsi da tarte bereko iazko ekoizpenarekin alderatuta.

Zergak gora?

Estatuek ahalegin handiak egin dituzte koronabirusak ekonomian izan duen eraginari aurre egiteko, eta horrek zorpetzea ekarriko du. Espainiako Gobernuaren kasuan, zerga hori BPGaren %120ra iritsi daiteke, eta Madariagak garbi azaldu du zeintzuk diren kopuru hori murrizteko modu bakarrak: «Zergak igotzea edo gutxiago jaistea». Baina hau al da zergak igotzeko unea? Ikerlarien ustez, ez: «Familien errentei eutsi behar zaie. Epe ertainera zerga tasaren igoera aztertu beharko litzateke, ekonomia pixka bat berpizten hasten denean. Zein zerga? Dirua biltzeko ahalmen handia dutenak: errenta, BEZa eta sozietate zerga».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.