Hipotekak

Zoru klausulen berritzea baliogabetu egin daiteke bankuak ez badu ondo informatzen

Europako auzitegiak susmopean jarri du kontratu berrietan bankuek sartutako baldintza bezeroek auzitara jo ez dezaten. Ez du legez kanpokotzat jo, baina salaketa bakoitza kasuz kasu aztertu behar dela dio, abusurik egon zen ala ez ebazteko.

Zoru Klausulak Stopeko kideak, Donostiako auzitegian, 2015ean. ZORU KLAUSULAK STOP
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 9a
13:30
Entzun

Hipoteka kontratuetan zoru klausulak berritzea legezkoa da, baina bankuak ondo informatu behar du, eta ziurtatu behar du bezeroak ulertzen duela hark sinatutakoa eta kontratuko baldintzak negoziatzeko gai izan dela.

Horixe adierazi du ostegun honetan Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Erabaki horren arabera, aurrerantzean Espainiako epaileek kasuz kasu erabaki ahal izango dute baldintza horiek bete ziren ala ez. Hala ez balitz, ebazpenak dio epaileek klausula hori baliogabetu dezaketela. Pilota Espainiako epaitegietara itzuli du Luxenburgoko epaileak, IRPH klausulen auzian egin zuen bezala.

Ebazpena ulertzeko, mende hasierara egin behar da atzera, higiezinen burbuilaren garaira. Urte haietan, hipoteketan maiz agertzen ziren zoru klausulak. Mailegu horiek interes tasa aldakor bat zuten, eta muga bat: hortik behera ezin zen gehiago merkatu. Bezero askok ez zekiten hori sinatu zutela, baina, krisiaren eztandarekin, ohartu ziren euriborra jaitsi eta euren hipoteken interes tasek ez zutela gauza bera egiten: ez zitzaitela hipoteka merkatzen. Haietako askok auzitara jo zuten, eta Espainiako Auzitegi Gorenak 2013an esan zuen zoru klausulak gehiegizkoak zirela, baina ezin zela atzerako eraginez erreklamatu.

Bankuen jokabidea, susmopean

2016an, Luxenburgoko auzitegiak horri heldu zion, eta adierazi zuen bezeroek 2013a baino lehenagoko kopuruak ere erreklama zitzaketela. Gorenaren eta Europako epaien artean, baina, bezero kaltetuei hipotekak berritzeko aukera eman zieten bankuek, eta akordio berri horietako askotan klausula bat sartu zuten, erreklamazioak saihesteko: bezeroek uko egin behar zioten epaitegietara jotzeari, kontratu zahar zein berriekin.

Luxenburgok orain kaleratu duen ebazpenarekin, susmopean jarri du ea bankuek  bezeroak behar bezala informatu zituzten baldintza horri buruz. Ez du legez kanpokotzat jotzen, baina hori adosterakoan abusua egon zen ala ez ikertzeko eskatzen die Espainiako epaileei. Haiek egiaztatu beharko lukete bankuak ondo informatu zuela bezeroa, eta ziurtatu kontsumitzaileak ulertzen zuela hark sinatutakoa eta kontratuko baldintzak negoziatzeko gai izan zela.

Teruelgo epaitegi batek eginiko galdera bati erantzunez kaleratu du ebazpena Europako auzitegiak. Kasu horretan, Luxenburgok iruzur «zantzuak» antzeman ditu Ibercaja bankuaren jarreran, baldintza hori jartzea hipotekak berritzeko negozioetan «politika orokorra» zuelako auzitegira ez jotzeko baldintza sartzea. Zalantzan jartzen du, halaber, klausula bera; izan ere, informatuta egon arren, bezero batek ezin du aurreikusi zer gertatuko den kontratu berriarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.