Agoizko Gamesan «gehiago inplikatzeko» eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Inguruko herrietako hautetsiek larunbat arratsaldean Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak ere bat egin du mobilizazioarekin.

Agoitz eta inguruko herrietako hautetsiak, ostegun honetan eginiko agerraldian. IñIGO URIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 9a
16:07
Entzun

Agoizko (Nafarroa) talde sozial eta kulturalek eta inguruko alkateek datorren larunbaterako deitutako manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei, Siemens Gamesak han duen lantegia ixteko hartu duen erabakia salatzeko. Enpresa batzordeak greba hasi du asteazken honetan, eta lantegiaren itxieraren aurkako mobilizazioa antolatu du. Iruñean izango da, larunbatean, 18:00etan, autobus geltoki zaharretik abiatuta.

Agoizko, Artzibarreko, Oroz Beteluko, Urrozko, Longidako eta Aezkoako alkate eta zinegotzien talde batek gogoratu dute 239 herritarren lanpostuak eta haien familien geroa daudela jokoan, eta azpimarratu dute erabakia beste «deslokalizazio» kasu bat dela, Agoizko lantegia ekonomikoki bideragarria zelako.

Ostegun honetan, fabrikaren aurrean elkarretaratzea egin dute herrietako hautetsiek, inguruko talde sozial eta kultural batzuetako ordezkariekin batera, Gamesako langileei elkartasuna adierazteko.

Angel Unzue Agoizko alkateak (EH Bildu) manifestazioan parte hartzeko deia egin die eskualdeko herritarrei eta nafar guztiei oro har. Unzuek jakinarazi duenez, hautetsien taldea, kalean egiten ari diren protestekin batera, Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako kontseilariarekin ere bildu da, gobernua irtenbide baten bila «gehiago inplika dadin» eskatzeko.

«[Siemens Gamesak] Milioiak jaso ditu diru laguntzetan, laguntza eta onura fiskaletan. Badakigu behin itxiera iragarrita zaila dela atzera egitea, baina euren [agintari politikoen] betebeharra da egoera hau iraultzea». Unzuek azaldu duenez, Aierdik esan die «sukaldeko lana» egiten ari dela, baina onartu du «egoera konplikatua» dela.

«Datorrenaren aurrekaria»

Manifestazioan parte hartzeko deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak ere —Hegoaldeko gehiengo sindikala eta beste gizarte eragile batzuk biltzen ditu—. Komunikabideetara bidalitako ohar batean salatu du «onartezina» dela Siemens Gamesaren erabakia. Eskubide Sozialen Gutunak dioenez, enpresak berak aitortu du erabakiak ez duela zerikusirik COVID-19aaren ondorio ekonomikoekin. «Enpresaren diru goseari baino ez dio erantzuten, langileen bizitzaren gainetik ahalik eta etekin gehien ateratzeko». Eta ohartarazi du lantegia ixteak «ondorio larriak» izango dituela langileentzat eta inguruko herrientzat.

CEN patronalari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die «enplegua, lana eta bizitza duina bermatzeko». Eta herritarrei «mobilizatzeko eta aktibatzeko» deia egin die, «gizarteak bakarrik eragotz baitezake hurrengo hilabeteetan enplegu gehiago suntsitzea».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.