Indarkeria matxista

Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote adingabe bat bortxatu duen gizon bati

Erasoa Donostian gertatu zen joan den urrian. Akusatuari zortzi urteko kartzela zigorra eta 15.000 euroko ordaina ezarri dizkiote.

jarraia184066.jpg
Oihane Puertas Ramirez.
2020ko uztailaren 9a
19:22
Entzun

23 urteko gizon bati zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote joan den urrian adingabe bat bortxatzeagatik. Biktima «koma etilikotik hurbil» zegoen, eta akusatuak egoera hori erabili zuen lokal batean bortxatzeko.

Adingabea Donostiako diskoteka batetik irten zen gizonarekin. Erasotzaileak Groseko lokal batera eraman zuen, eta bertara sartzeko «identifikatu gabeko» gizon baten laguntza jaso zuen.

Epaia «kritikoa» izan da Donostiako Udaltzaingoaren portaerarekin. Izan ere, «banku batean etzanda eta egoera oso txarrean» zegoen gazte baten berri eman zuten, eta bere ondoan bi gizon zeuden. Lehenengoak «lagun bat» zela esan zuen, eta bigarrenak, aldiz, «bere bikotea» zela. Udaltzaingoak bigarren gizonak —bere ustezko bikoteak— emakumea «etxera eramango zuela» uste zuen, biktima «hitz egiteko gai ez izan arren». Epaian, gainera, nabarmendu dute udaltzainek ez zutela «hiruretako inor identifikatu», eta, beraz, ezin izan zutela jakin «emakumea adingabea» zela.

Akusatuari zortzi urteko kartzela zigorraz gain, hamar urte eman beharko ditu zaintzapeko askatasunean —denbora horretan ezingo da biktimarengana gerturatu—. Gainera, 15.000 euroko ordaina ezarri diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.