Eibar 0-0 Leganes

Ez du lortu nahi zuena

Eibarrek hutsean berdindu du Leganesen aurka. Gipuzkoarrek aukera garbirik ez dute sortu, eta puntu bakarra poltsikoratu dute.

jarraia184070.jpg
Mikel O.Iribar
2020ko uztailaren 9a
22:34
Entzun

Partida atariko prentsaurrekoan Jose Luis Mendilibar eta Javier Agirre bat zetozen Eibar eta Leganesen arteko norgehiagokak hutsean amaitzeko aukera zuela. Biek puntuen beharra zuten, eta garaipena lortzea garesti zegoen. Aurreikuspena bete egin da. Joko gutxiko partida izan da, bi aldeetan aukera garbirik sortu gabekoa. Eibar aurkariaren arean ez da batere fin ibili, eta saria ere halakoxea izan du. Husna berdindu du Leganesen aurka, eta Mallorcak Levanteri irabazita, gipuzkoarrek orain jaitsiera postuak lau puntura dituzte.  

Jose Luis Mendilibarrek sei aldaketa egin ditu aurreko neurketako hamaikakoarekin alderatuta, eta hasierako minutuetan, Eibarko jokalariek zuten freskotasun hori igarri egin da zelaian. Gipuzkoarrek baloia azkarrago mugitzen zuten alde batetik bestera, baita abagune gehiago sortu ere. Aipagarriena, Kike Garciak eduki duena Rober Correak ezker hegaletik erdiraketa egin eta aurrelariak buruz ondo errematatu badu ere, ez dio nahi besteko indarrik eman baloiari, eta Ivan Cuellar Leganeseko atezainak arazorik gabe gelditu du. Lehen hogei minutuan Mendilibarren jokalariek lau korner izan dituzte alde, baina ez diete etekinik atera, bisitariak erne baitzeuden.

Leganesi gehiago kosta zaio partidan sartzea, baina ura edateko etenaren ostean, Javier Agirreren mutilek zelaian pauso bat aurrerago eman, eta aukera garbienak haiek sortu dituzte. 25. minutuan Aitor Ruibalek area kanpotik egindako jaurtiketa indartsua Marko Dmitrovicek kornerrera desbideratu du; eta handik ordu laurdenera, berriz, Unai Bustintzak ezkerretik faltaz egindako erdiraketa pozoitsu batean ez du behar bezala errematatu.

Txinpartarik gabe hasi da bigarren zatia. Bi taldeek lanak zituzten aurkariaren soropilera hurbiltzeko, eta nabaria zen ez zutela arriskatzeko asmorik. Jokoak ere abiadura handirik ez zeukan. Horrez gain, Eibarrek baloia behetik mugitu beharrean, goitik jokatzeko hautua egin du, baina Leganesen harresia eraisteko modurik ez zegoen, bosteko defentsa lerroa baitzeukan jarria Agirrek.

Partidari beste norabide bat emateko asmoz, Mendilibarrek hiru aldaketa egin ditu. Inui, Charles, eta Cristoforo zelairatu ditu Pedro Leon, Enrich eta Correaren ordez. Zaldibarkoak (Gipuzkoa) jokoari sakontasuna eta abiadura eman nahi zizkion, baita arriskua sortu ere. Aurkariaren zelaian urrats bat aurrera egitea lortu du, baina amaierako jokaldietan zehaztapenik gabe gelditzen ziren, Legenesen mesederako.

Partida amaitzeko hamabost minutu falta zirela, Quique atera da partida erabakitzeko gogoz. Area txikian izan du aukera, baina hutsala izan da. Azkenerako, Eibarrek puntu bakarrarekin konformatu behar izan du. Lau puntura dituzte orain jaitsierako postuak. Ezin du lo hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.