Real Madril 2-0 Alaves

Lehiatu egin da behintzat

Alaves duin aritu da Muñizen debutean, baina ezin izan du punturik urratu Real Madrilen aurka. Itxura hobea eman du erasoan, eta aukera dezente sortu. Atzean, bigun samar egon da.

enaut agirrebengoa
2020ko uztailaren 11
00:19
Entzun

Alavesek seigarren lehia galdu du jarraian, Real Madrilen zelaian. Punturen bat urratzeko premia zeukan, Mallorcak irabazi eta jaitsieraren lehia estutu ostean; baina esku hutsik gelditu da sailkapeneko liderraren zelaian. Bederen, itxura duina eman du Juan Ramon Muñizen lehen partidan. Aurreko partidetan baino kemen handiagoa izan du, eta sentipen baikorragoak igorri ditu. Kolpeak jaso arren, lehiatzen jarraitzeko kapaza izan da. Argi printza bat da iluntasunaren erdian.

Taldeari kutsu erasokorragoa ematen ahalegindu da Muñiz. Arabarrek ohi baino aurrerago paratu dituzte lerroak, Real Madrilen baloi irteera oztopatu, eta kontrako zelaian gehiago agertzeko. Apustu arriskutsua zen, eta ia saria ekarri dio Alavesi partida hasi orduko. Edgarrek erdiraketa loratua egin du bigarren zutoinera, eta Joseluk langara bidali du baloia, burukada behartu baten bitartez. Aldaratzea Lucas Perezek jaso du, eta haren errematea atepetik atera du Varanek. Hortik gutxira, Courtoisen aurrean bakarrik gelditzear izan da Lucas, Joseluk buruz luzatutako baloi bati esker. Adi eta azkar ibili da, ordea, Militao.

Bihotza altxatzeko moduko hasiera izan da arabarrentzat. Haatik, berehala jaitsi dira zerutik: Ximok penaltia egin dio arean abaila batean sartu den Mendyri. Arearen marra gainean zangotrabatu du, eta epaileak ez du zalantzarik izan. Alavesi sasoi honetan adierazi dioten hamabosgarren penaltia izan da; hamalaugarrena etxetik kanpo. Sergio Ramos min hartuta egonik, Benzemak hartu du baloia jaurtitzeko ardura, eta ez du hutsik egin Robertoren aurrean. 11. minutua zen.

Aurrea hartu ostean, oldartu egin dira etxekoak. Baloia arazorik gabe ukitu dute, eta aise iritsi dira Alavesen areara. Kroos areaz kanpotik saiatu da bigarrena egiten; jaurtiketa oso gutxirengatik joan zaio gora. Gero, Mendyk beste barneraldi zorrotz bat egin du ezker hegaletik, eta erdiraketa mozten saiatzean baloia bere atean sartzear izan da Camarasa. Joko ia guztia ezkerretik egin du Real Madrilek, Mendy, Benzema eta Rodrygorekin, eta sufriarazi egin ditu gasteiztarrak.

Defentsan pitzadura zuten, baina era berean, adoretsu agertu dira Muñizen jokalariak. Arriskua sortu dute geldikako jokaldietan, eta haiek ere ondo baliatu dute ezker hegala. Burke izan da pizgarri nagusia. Lehenik, diagonal zorrotza egin du barrurantz, eta Courtois luzatu ona egitera behartu. Eta gero, sukalderaino sartu da, Militaori abileziaz iskin eginda. Haren pasea behartuta errematatu du Joseluk; ez du ikusi atzean Lucas zeukala, jaurtiketa egiteko askoz ere egoera hobean.

Epaile aldaketa, eta bigarren gola

Bitxikeria bezala, Gil Manzano epaileak min hartu du lehen zatian, eta Rodriguez Carpallo laugarren epaileak ordeztu du. Lana izan du bigarren zatia hastearekin batera. Asensiok gola egin du Benzemaren pasea jasota, eta hasiera batean, jokoz kanpokoa adierazi du epaileak. Ustez, aurrelari frantziarra arauz kanpoko tokian zen jokaldiaren hasieran. Egiazki, ordea, Laguardiaren lerro berean zen, eta hala, gola balioztatu egin du VARak. 49. minutuan, 2-0.

Kolpea izan da Alavesentzat, eta zerraldo gelditu da zenbait minutuz. Tarte horretan erauntsia bezala iritsi zaio Real Madril, eta Robertoren geldituei esker iraun du bizirik. Muñizen aldaketek suspertu egin dute apur bat, eta 60. minutuan aldea murriztear izan da Joselu, kontraeraso batean. Riojak bakarrik utzi du Courtoisen aurrean, baina atezain belgikarra sendo agertu da berriro. Borja Sainz ere saiatu da arbola astintzen. Kontrako arean, berriz, Robertok erakustaldia egiten jarraitu du. Azkenean, markagailua ez da gehiago aldatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.