Arrauna

Hondarribiarentzat eta Donostiarrarentzat lehen bi banderak, Zierbenan

Ama Guadalupekoa ontziak denboraldiko aurreneko bandera irabazi du, lehen txandan lehiatuta. Ez bigarrengoek ezta ohorezko txandakoek ere ezin izan dute hobetu hondarribiarren denbora. Donostiarrak ere lehen garaipena erdietsi du Euskotren Ligan, Oriori azken luzean aurrea hartuta. Santurtzik eta Oriok jarraitzen dute lider Eusko Label eta Euskotren Ligan, hurrenez hurren. 

jarraia184203.jpg
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 12a
12:27
Entzun

Iritsi dira Hondarribiarentzako eta Donostiarrarentzako denboraldiko lehen garaipenak, Zierbenan, laugarren jardunaldian. Hondarribikoek Coruñako lehen estropada kenduta (lehenak izan ziren), hurrengo bi jardunaldietan ez zituzten haiek esperotako emaitzak erdietsi. Gaur jaso dute saria, ordea. Lehen txandan lehiatu dira, eta aise menderatu dituzte aurkariak. Kontuan hartzeko denbora egin dute, eta bigarren eta ohorezko txandakoek ezin izan dute hobetu Ama Guadalupekoa ontziaren denbora. Donostiarrak, bestalde, bigarren eta azken luzean atzetik aurrerako lan handia egin ostean, gaurko estropadan nagusi izan dira.   

Hondarribiak lehen txandatik arraun eginez, atzoko arantza kentzea lortu du. Brankaz zein itzulerakoan bikain aritu da. Irteerako lehen paladetan, Ares pare bat tosta aurretik bazen ere, handik gutxira lehen postuan zen Ama Guadalupekoa. Mikel Orbañanosen taldeak bazekien banderaren lehian ibiltzeko, gutxienez, lehen txandako ontziei minutu erdiko aldea atera behar ziela. Erlojuaren aurkako saioa egin dute, eta amaieran, Aresi 30 segundo atera dizkio. Azken posturako lehiari dagokionez, Kaikuk Ondarroari azken luzean zortzi segundo jan dizkio, eta hirugarren zeharkatu du helmuga. Antiguako Ama azkenaurrekoa izan da gaurko estropadan, Zarautzen aurretik.

Bigarren txandan aritu diren Urdaibaik eta Zierbenak bazekiten Hondarribiak egindako denbora kontuan hartzekoa zela. Indartsu atera dira bi ontziak, eta berehala hartu dute estropada burua. Bizkaitarrekin batera, Cabo eta Zarautz lehiatu dira txanda berean. Aurreneko ziabogara Juan Zunzuneguiren taldea iritsi da lehena, eta Hondarribiak burututako denbora segundo bakarrean hobetu du. Bou Bizkaia ontziak hiru segundoko galera zuen, baina maniobraren ostean, etxekoen pare jartzea lortu du. Hurrengo luzeetan Bizkaiko bi ontziek elkarren arteko lehia estua izan duten arren, hondarribiarren denboretan zenbiltzan. Hirugarren ziabogan, Zierbenakoek lau segundotan hobetu dute gipuzkoarren denbora, baina azken luzean ez dira poparean nahi beste ibili. Garesti ordaindu dute hori etxekoek, eta hala, Hondarribiak burututako denbora baino lau segundo motelago egin dute. Gaurko estropadan hirugarren amaitu dute. Urdaibaik laugarren postuan bukatu du, Cabok zazpigarrenean eta gaurkoan Zarautz izan da azkena. 

Lekittarra ohorezko txandako oilarrekin lehiatu da, atzo Donostiako estropadan laugarren eginda. Lehen kalean Orio joan da, bigarrenean Osertz Aldayen taldea, hirugarrenean Donostiarra atzoko irabazlea eta laugarrenean Santurtzi. Ipar-ekialdeko haizea zegoela eta, Torrekua II.ak eta Soterak euren kaleei ederki atera diete etekina. Hala, estropada burua hartzea lortu dute. Gaurkoan, Oriok ez du bere egunik onena izan, zortzigarren amaitu baitu, eta Lekittarrak, berriz, seigarren. Haizeak zertxobait egin du gora, eta ohorezko txandakoek nabaritu dute. Kanpoan itsasoa nahasia zegoen, eta zaila zegoen arraun egiteko. Santurtzi eta Donostiarra lehia bizian heldu dira bigarren ziabogara. Momentu horretan, bi ontziak hiru segundo ziren hondarribiarren atzetik. Iker Zabalaren arraunlariak maniobraren ostean joaldia egin eta Donostiarrarekin zuten abantaila handitzea lortu dute. Baina Ama Guadalupekoaren denbora hobetzea zuten buruan. Azken ziabogara denbora berean iritsi diren arren, itzulerakoan olatuetan ez dira hondarribiarrak bezain beste ibili, eta horrenbestez, bigarren postuarekin konformatu behar izan dute. Donostiarrak,berriz, bosgarren lekuan amaitu du. Sailkapenari dagokionez, Santurtzik jarraitzen du lider, Donostiarra lau puntura duela.

Donostiarra, nagusi

Donostiarrak atzo, etxeko estropadan hartutako kolpea iraultzea lortu du. Izan ere, Maialen Arrazolaren taldea nagusi izan da gaur Zierbenako uretan. Hala, donostiarrek Euskotren Ligako lehen bandera irabazi dute, azken luzean atzetik aurrera egindako lan onari esker. Segundo bateko aldea atera dio Orio bigarren sailkatuari.

Estropada hasi eta berehala hartu du branka Oriok. Haizea ipar-ekialdetik jotzen ari zenez, Xanti Zabaletaren taldeak laugarren kaleari etekina atera eta hiru aurkariei tartea zabaltzea lortu du. Laugarren minuturako oriotarrek bi segundoko abantaila zuten Donostiarrarekiko. Bitartean, lau segundoko galera zuen Hondarribiak, eta sei segundo Arraun Lagunak-ek. 

Kanpoko ziabogetara iritsi den lehen ontzia Orio izan da. Bi ontziko aldea ateratzen zion Donostiarrari, baina itzulerako luzean egoera bestelakoa izan da. Natalia Tubioren gidaritzapean, Donostiarra lehen kaletik poparean ongi moldatu da, eta Orioren parean jartzea lortu du, baita estropada burua hartu ere. Olatuen gainean asko gozatu dute, eta ez die garaipenak ihes egin. Orio segundo batera heldu da. Bestalde, azken postua saihesteko borroka bizia izan dute Hondarribiak eta Arraun Lagunak-ek. Azkenean, Donostiako ontziak lortu du hirugarren postua, eta laugarrena, berriz, Ama Guadalupekoa ontziak. 

Sailkapen nagusian, Oriok jarraitzen du lider hamabost punturekin. Lau puntuko aldea ateratzen dio Donostiarrari. Arraun Lagunak eta Hondarribia, berriz, zazpina punturekin daude berdinduta. Datorren asteburuan, Getxon (Bizkaia) eta Orion (Gipuzkoa) izango dira estropadak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.