Espanyol 0-2 Eibar

Salbazioa, ia ziurtatuta

Eibarrek 0-2 irabazi du Cornellan, Expositok sartutako bi goli esker. Hala, gauean Mallorcak Sevillari irabazten ez badio, ziurtatuta izango du beste denboraldi batez Lehen Mailan segitzea.

ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 12a
16:29
Entzun

Hilabete inguru da ikasturtea amaitu zela ikasleentzat. Modu berezian amaitu ere. Hala izaten ari da futbol denboraldiaren bukaera ere. Eibarren kasuan, nahiko batekin bukatzear da. Mailari eusteko helburua ia ziurtatua du. Mallorcak gauean Sevillari irabazten ez badio, beste denboraldi batez izango da Lehen Mailan. Horri balioa eman behar zaio. Baina distirarik eta jarraitutasunik gabe egin du. Espanyolen zelaian jokatutako partida, denboraldiaren isla izan da. Egin behar zuena egin du, baina ez gehiago. Lehen zatian 0-2 aurreratu da, bi penaltiri esker, baina helburua hatzekin ukituta, bigarren zati kaskarra jokatu du. Etxekoak ez dira hobeto aritu, eta emaitza ez da aldatu. Hori izan da onena.

Itxuraldatu egin egin du hamaikakoa Mendilibarrek. Leganesen aurkako iragan osteguneko hamaikakoarekin alderatuz,  bost aldaketa egin ditu. Freskotasuna eta giharra nahi zituen Zaldibarko teknikariak, eta lehen minutuetan lortu du, nahiko erritmo bizikoak izan baitira. Eibar izan da Diego Lopezen atera gerturatzen aurrena. Minutuak aurrera joan ahala, ordea, parekatu egin da neurketa. Espanyol neurria hartzen hasi zaio lehiari, eta Mendilibarren taldearen presioa ondo gainditzen. Baina une horretan iritsi da Victor Lopezek egindako penaltia. Atzelariak eskuz jo du baloia, eta epaileak penaltia adierazi du. Expositok ez du huts egin: 0-1 (25. min.).

Eibarrek oso alde zuen partida. Espanyolek ez zuen ezer jokoan, iragan asteazkenetik Bigarren Mailako taldea baita. Ez zen samurra etxeko jokalarien egitekoa. Pixkanaka bizitasuna galtzear joan da lehia. Eraginkortasunaren alde egin du Eibarrek, norgehiagokaren bila joan beharrean. Ura edateko etena pasatu eta gutxira iritsi da gipuzkoarren bigarren gola. Berriro ere penaltia egin du etxeko taldeak. Oraingo honetan Bernardo izan da baloia eskuarekin jo duena, eta Del Cerro Grandek penaltia adierazi du. Expositok jaurti du berriro ere. Diego Lopezek asmatu egin du, baina aldaratzean gola egin du (36. min.). Lehen zatia amaitzear zela izan du Espanyolek aldea murrizteko abagunea, jokaldi on bat lotzea lortu zuen aukera bakanetako batean. Baina Callerik eskuinetik egindako jaurtiketak langa jo du (43. min).

Hala amaitu da lehen zatia. Bigarrena kaskarra izan da, trabatua. Bi taldeek baloi dezente galdu dituzte zelai erdian, eta  gol aukerarik ez da apenas ikusi. Egon direnak ez dira argiak izan, eta gehiago izan dira bi taldeek atzean erakutsita ziurtasun ezarengatik. Minutuak pasatzen utzi du Eibarrek, eta une batzuetan Mendilibar bera ere jokalariekin haserretu da, lehiakortasun apur bat falta izan zaielako. Espanyol, berriz, kamuts eta ideiarik gabe aritu da, eta horri esker Eibarrek ez du sufritu. Bigarren zati horretan etxekoek izan zuten abagune argiena. Baina Raul De Tomasek ez du ezkerrarekin errematatzen asmatu, eta Eibarreko atzelariek ondo atera dute baloia. 81. minutua zen. Azken minutuetan ez da ezer aldatu, eta hiru puntuak poltsikoratuta, ia ziurtzat jo daiteke Eibar Lehen Mailan izango dela datorren sasoian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.