GALIZIAko bozak

PPk gehiengo osoa berretsi du

BNG izango da oposizioko alderdi nagusia: hirukoiztu egingo ditu egungo eserlekuak, eta hemeretzi hautetsi izango ditu.

Feijoo PPren hautagaia, botoa emateko ilaran. SALVADOR SAS, EFE
Iosu Alberdi.
2020ko uztailaren 12a
20:53
Entzun

Alberto Nuñez Feijook Galiziako presidente karguan jarraituko du. PPk aurreko hauteskundeetan baino hautetsi bat gehiago lortu du, azken uneko aldaketarik ezean: 42 eserleku. Eroso, beraz, gehiengo osorako 38 eserlekurekin nahikoa baitzuen. Galiziatik iritsi den berritasun nagusia, ordea, ezkerreko alderdien artean geratutako aldaketa izan da. BNG izango da oposizioko alderdi nagusia, hemeretzi hautetsirekin. Parlamentuan sartuko den hirugarren eta azken alderdia PSdeG izango da, hamalau eserlekurekin.

Emaitza horiekin Feijook bere laugarren gehiengo osoa eskuratuko du jarraian, Manuel Fragak lortutakoa berdinduta. Duela lau urte lortutako emaitzak hobetuta egin du: botoen %48,17 (+0,61) eta 42 eserleku (+1). Hura izango da Galiziako Parlamentuan sartuko den eskuineko alderdi bakarra, ez baitute ordezkaritzarik lortu ez Ciudadanosek, ez Voxek.

Aldaketak ezkerretik iritsi dira han. Galicia En Comunek —Podemosen eta IUren babesa du— eta En Mareak —Partido Galeguistak eta Compromiso por Galiciak osatua— ez zuten batera aurkezteko akordiorik lortu, eta orain arte zituzten eserleku guztiak (hamalau) galdu dituzte. Parlamentutik at geratuko dira biak. BNG alderdi subiranistaren mesedetan izango da. Ana Pontonek zuzendutako alderdiak hemeretzi parlamentari izango ditu, azken legealdian baino hamahiru gehiago. BNGren inoizko emaitzarik onenak dira horiek, 1997an lortutako 18en gainetik. Hala, aise hobetu ditu PSdeGren emaitzak ere. Horiek hamalau eserleku eskuratu dituzte, azken legealdian adina. Hala, independentistak oposizioko alderdi nagusia bilakatu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.