ander perez zala
Analisia

Ana Ponton, egiazko garailea

2020ko uztailaren 12a
23:37
Entzun

Alberto Nuñez Feijoori aitortu egin behar zaio meritua, ez baita erraza laugarrenez jarraian gehiengo osoa lortzea; eta, hortaz, Manuel Fraga ministro frankistaren eta Galiziako presidente ohiaren marka errepikatzea. Baina bere emaitzek galdera bat jarri dute mahai gainean: Zenbaterainoko garaipena da 2016ko eta aurtengo bozetan ordezkaritza kopurua ez handitzea? Feijook 11 urte egin ditu agintean, eta, 2012tik hona, ez da beste diputatu bat lortzeko gai izan.

Meritu handia du gehiengo osoa laugarrenez eskuratzeak, baina politikari eta agintari gisara zalantzak pizten ditu hainbeste urteren ostean gora egiteko gaitasunik ez izateak. Horregatik, Galiziako Alderdi Popularraren hautagaiak Xuntan jarraituko duen arren, bozetako garaile nagusiak beste izen-abizen bat du: Ana Ponton, Bloke Nazionalista Galiziarraren (BNG) presidentegai eta bozeramaile nazionala.

Ponton 2016an iritsi zen BNGren buruzagitzara, blokea hilzorian, desagertzear zegoenean. Urte hartako hauteskundeetan, beheranzko joera gelditzea lortu zuen; inkestek hiru diputatu aurreikusi zizkioten, eta azkenean sei lortu zituen. Lau urteren ostean, Pontonek sekulako gorakada lortu du, eta BNGk hemeretzi eserleku jaso ditu, 2016an baino hamahiru gehiago: blokearen inoizko ordezkaritzarik handiena da, Xose Manuel Beiras buru zuela, 1997an lortu zuena baino diputatu bat gehiago lortu baitu —hori bai, aurten boto gutxiagorekin—.

Hortaz, 191.000 bat boto gehiago lortuta, eta 2009ko mailara itzulita, BNG, berriz ere, Galiziako Parlamentuko oposizioko indar nagusia da. Horretan zerikusia izan du Pontonek lehenetsi duen estrategia arrakastatsuak: auzi nazionalaz aritu beharrean, auzi sozialei buruzko kanpaina bat diseinatu du, eta horrek balio izan dio 2012tik aurrera galdu zituen boto emaileak berriz konbentzitzeko.

Podemosen, Esquerda Unidaren eta Anovaren Galicia en Comun koalizioa eta Marea Galeguista jan egin ditu, horiek ordezkaritzarik gabe geratu baitira; eta Galiziako Alderdi Sozialistak ez baitu eserleku gehiago lortu. Finean, BNGren eledun nazionalak ezkerreko indar orekak aldatu egin ditu.

Orain, Pontonen erronka da bere figura eta blokearena are gehiago egonkortzea, alternatibaren alderdia izateko. Gazteen artean BNG da indarrik erakargarriena, eta hori, etorkizunera begira, aldagai erabakigarria izan daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.