Albistea entzun

EAJ eta PSE, berriro prest gobernu ituna egiteko

EAJk irabazi ditu bozak: lehen, 28 aulki zituen, eta, orain, 31; hala ere, 48.000 boto galdu ditu. PSEk, berriz, 10 lortu ditu. EH Bilduk bere emaitzarik onenak lortu ditu, 22 eserlekurekin. EPk eta PP-C's-ek, porrot. Vox, legebiltzarrera.

Berria -

2020ko uztailak 13

* EAJk eta PSEk gehiengo osoa lortu dute, eta EH Bildu nabarmen hazi da.

*EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin PodemosEquo-Berdeak, PP-Cs eta Vox.

* Bilbon, Gasteizen eta beste hemeretzi herritan parte hartzea ez da %50era heldu.

* Emaitza guztiak ikusi.

* Mapa interaktiboa: emaitzak herriz herri, boto aldea herriz herri eta emaitzen mapa atalez atal.

Zuzeneko kontakizuna

19:06

PSE, «Euskadiren gobernabiderako giltzarri»

PSE-EEren Batzorde Exekutiboak hauteskundeen osteko bilera egin du gaur arratsaldean, eta ondorioztatu du emaitzek PSE indartzen dutela, hura «Euskadiren gobernabiderako posizio giltzarri» batean kokatuta. Sozialistak pozik agertu dira ematzekin, eserleku kopuruan gora egin dutelako eta hirugarren postua berreskuratu dutelako hiru lurraldeetan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

18:47

Ahal Dugu-ren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako koordinatzaile Pilar Garridok bihar goizean egingo du hauteskundeen emaitzei buruzko balorazioa. 10:00etan egingo du agerraldia, Donostian.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

18:16

Uneotan bilduta jarraiten dute EAJko eta PSE-EEko zuzendaritzak, nor bere kasa, hauteskundeen emaitzei buruzko irakurketa egiteko. 16:00etan hasi da jeltzaleen bilkura Sabin Etxean, eta 17:00etan sozialistena.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

17:37

PSE, lehen postua galduta

Atzoko hauteskundeetan botoei eutsi eta eserleku bat irabazi zuen arren, kezkatzeko datu bat jaso zuen PSE-EEk; hark gobernatutako herri gehienetan lehen indarra izateari utzi dio; adibidez, Zumarragan, Irunen edo Eibarren. Sekziokako mapan, arrasto gorri batzuk baino ez dira geratzen.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:33

PPk seigarren eserlekua lortzea espero du, EH Bilduri bat kenduz

Raquel Gonzalez Bizkaiko PPren presidenteak adierazi du ostiralean «PPk seigarren eserlekua lortzea espero» duela. Izan ere, 17an zenbatuko dira Espainiako Estatutik kanpo dauden herritarren botoak, eta EH Bilduri Bizkaiko eserleku bat «kentzea», eta horrela, sei eskuratzea espero du.

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan PPk eta CS-ek osaturiko koalizioak porrota jaso du: bederatzi parlamentari izatetik bost izatera jaitsi da, 68.949 boto gutxiago lortuta.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

15:48

PSE-EE hauteskundeetako emaitzak aztertzeko bilduko da

PSE-EEko Batzorde Betearazlea Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen emaitzak aztertzeko bilduko da gaurko 17:00etan. Biltzarra Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak bideratuko du.

Sozialistek hamar aulki bete dituzte, baina emaitzek ez dituzte PSE-EEren «espektatibak bete», Odon Elorza PSOEren zuzendaritzako Gardentasun eta Demokrazia Parte Hartzailearen idazkariaren arabera.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

15:21

Euzkadi Buru Batzarraren bilera egingo dute 16:00etan

EAJk Euzkadi Buru Batzarraren bilera egingo du gaurko 16:00etan. Biltzarrean Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak baloratuko dituzte.

EAJ izan zen gehien boto gehien eskuratu zituen alderdia —349.429 boto—, eta bozkatuena izan zen Araba, Bizkaia zein Gipuzkoan.

Oihane Puertas Ramirez

Oihane Puertas Ramirez

14:51

Ordiziako alkatearen lana indarkeriarekin parekatu du Toni Cantok

Toni Canto Ciudadanoseko ordezkariak ETAren indarkeriarekin nahastu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak COVID-19 izurriarekin eginiko lana.

Xehetasun gehiago, albiste honetan.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:51

Gehiengoa osatzeko aukerak

Emaitzak esku artean, negoziaketetarako unea iritsi da. 38 parlamentari behar dira gehiengo absolutua osatzekoa. Orain arte gobernua osatu duten EAJk eta PSE-EEk gehiengoa osatuko lukete, 41 legebiltzarkide denera. Bertze bi aukera posible ere badaude, nahiz eta orain arte egindako itunak ikusita zailagoa izan litekeen akordioak egitea. EH Bilduk eta EAJk 43 legebiltzarkide izango lituzkete. EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EEren gobernu akordioak, aldiz, 38. 

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:37

Espainiako Eskuinarekin ezik, bertzeekin mintzatzeko prest da EH Bildu

Espainiako eskuinekin ezik», gainerako indarrekin eta gizarte eragileekin bilerak egingo dituztela aurreratu du Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak. Atzoko emaitzak gehiengo aurrerakoi bat utzi dutela nabarmendu du Iriartek eta Legebiltzarrean uneotan erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek eragin eremua «zabaldu eta indartu» dutela nabarmendu du. Informazio gehiago hemen.

13:28

Lasarten ere aldaketa

Aldaketa izan den bertze herrietako bat izan da Lasarte-Oria. Historikoki PSE-EEk irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Lasarten. Atzo, ordea, lehen aldiz abertzaleak izan ziren nagusi. EH Bilduk lortu du bertan boto gehien, bigarren geratu da EAJ eta hirugarren PSE-EE. 2016tik 260 boto galdu ditu PSE-EEk.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:23

Aldaketa Ordizian

Azken egunetan Ordizian egon da aktualitatearen foku nagusietako bat. Bertan, 2016ko bozekin alderatuta, aldaketa izan da. Abstentzioa 9,14 puntu igo da, nahiz eta abstentzio orokorra baino 9 puntu txikiago izan. EH Bilduk 230 boto irabazi ditu eta lehen indarra izan da. EAJk aldiz, 356 boto galdu ditu eta bigarren indarra izan da.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

13:11

Pablo Casado Espainiako Alderdi Popularreko buruak asteazkenerako deitu du PPren batzar exekutiboa. PPk eta CS-ek osaturiko koalizioak porrota jaso du Eusko Legebiltzarrerako bozetan. Bederatzi parlamentari izatetik bortz izatera jaitsi da 68.949 boto gutxiago lortuta.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:42

PSE-EE, EAJrekin gobernu ituna berritzera irekita

EAJk goizean adierazi du PSE-EErekin hitzarmena berritzeko asmoa. Arratsaldean bilduko da sozialisten zuzendaritza, baina, goizean bertan Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburuak esan du, EAJri dagokiola «ekimena» hartzea, eta PSE-EE «akordiorako, ezberdinen arteko elkarrizketarako» prest dagoela. Odon Elorza PSOEren zuzendaritzako Gardentasun eta Demokrazia Parte Hartzailearen idazkariak, aldiz, hausnarketarako deia luzatu du.

12:38

Herriz herri, EH Bildu eta EAJ izan dira boto gehien jaso dituzten bi alderdiak. PSOE-EEk Ermuan (Gipuzkoa) irabazi du eta PPk eta CS-ek osatutako koalizioak, aldiz, Navaridasen (Araba).

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:15

Hiriburuak atalez atal

Bozen emaitzak atalez atal ikusteko aukera eskaintzen du BERRIAren mapa interaktiboak. Hala hiriburuak atalez atal aztertuz gero, EAJ, EH Bildu eta PSE-EE dira barruti ia gehienetan garaile. Gasteizko barruti batean bakarrik lortu ditu boto gehien PP-Cs-ek osatutako koalizioak.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

12:00

Proportzionalki EH Bildu Lagranen (Araban) hazi da gehien : %15,4. Bizkaian bereziki hazi da Galdakaon (%10,8) eta Gueñesen (%11.1). Gipuzkoan, aldiz, Ordizian (%11.7) eta Andoainen (%10,7) . Herriz herriko emaitzak ikusteko jo BERRIAren grafiko interaktiboetara.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

11:44

Araban eta Gipuzkoan ere hazi egin da EH Bildu. Araban botoen %24a lortu du, aitzineko bozekin alderatuta %4 gehiago. Denera 3.987 boto gehiago. Gipuzkoan ere hazi da EH Bildu. Botoen %36a lortu du, aitzinekoan baino % 4 gehiago eta 6.696 boto irabazi ditu.

11:42

EH Bilduren igoera

2016ko hauteskundeekin alderatuta, EH Bildu izan da boto gehien irabazi dituen alderdia. Aitzineko hauteskundeetan baino 23.516 boto gehiago lortu ditu koalizio abertzaleak. Herrialdeka Bizkaian hazi da gehien koalizioa. Botoen % 28a lortu du bertan, aurreko hauteskundeetan baino %8a gehiago. Denera 12.883 boto gehiago lortu ditu bertan.

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

11:24

Bortz legebiltzarkide galdu ditu Elkarrekin Podemos koalizioak, eta Pilar Garrido Podemoseko koordinatzaileak «autokritika» egiteko beharra dagoela nabarmendu du gaur goizean Radio Euskadin egindako adierazpenetan. Garridok onartu du emaitza hauteskundeen emaitza«txarra» izan dela: «Herri honetako politika egiteko moldea aldatu dugu. Baina egia da autokritika egin behar dugula eta akatsak non dauden ikusi behar dugula».

Ainhoa Larretxea Agirre

Ainhoa Larretxea Agirre

11:04

Jaurlaritza berria osatzeko, EAJk PSErekin egin nahi du berriz ituna, Itxaso Atutxa buruzagiak goizean Euskadi Irratian esan duenez: «Hauteskunde-kanpainan, EAJk ez du ezkutatu lau urte hauetan hain ondo funtzionatu duen ituna berresten saiatuko zela, gobernatu duen erakundeetan emaitzak eman dituen koalizio-gobernua baita».

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:32

Atzo bozkalekuetan jasotako boto guztiak zenbatuta daude, posta bidezkoa botoa ere bai, baina oraindik CERA botoa falta da, Espainiako estatutik kanpo eman dutenek bidali dutena. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, uztailaren 17rako egongo dira behin betiko emaitzak.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

00:05

Ikusi parte hartzearen datuak eta alderdi bakoitzak herriz herri izan dituen emaitzak: non irabazi dituzten botoak, eta non galdu, 2016ko emaitzekin alderatuta. Hori guztia, BERRIAren mapa interaktiboetan.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

23:51

Alderdi garailea, herriz herri

Hona hemen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri bakoitzean boto gehien lortu duten alderdiak. Dena berde ageri da (iluna EAJ da, eta argia, EH Bildu), bi puntu izan ezik: Ermuan (Bizkaia) PSE-EEk izan du boto gehien, eta Navaridasen (Araba), PP+C's-ek.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

23:47

EH Bilduk espero zuen «emaitza onak» izango zituztela, eta Iriarte lehendakarigaia pozik agertu da lortutakoarekin. Bototan hazi den alderdi bakarra da, Voxez gain. Iriartek nabarmendu du ezkerretik eragingo dutela, eta Eusko Jaurlaritza datorren legealdian «inoizko parlamenturik subiranistena» izango dela.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

23:40

Ana Ponton BNGren presidentegaia Galizian, 2016an izandako emaitza hirukoiztu ondoren: «Ez dut ezkutatuko gehiago nahi genuela, baina argi dago gaur aro berri bat hasi dela gure herrian. Lanean hasiko gara lau urte barru herri honek emakumezko presidente bat izan dezan».

Andoni Imaz

Andoni Imaz

23:34

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak eta EAJren lehendakarigaiak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze Zaldibarko zabortegiaren luizian desagertutako langileak izan ditu gogoan hauteskundeetako garaipena ospatzeko egin duten agerraldian, baita koronabirusaren eraginez hil diren herritarrak eta haien senideak ere.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

23:30

Eusko Legebiltzarreko 75 ordezkarietatik 39 emakumeak izango dira datorren legealdian, eta 36, gizonezkoak. Irakurri albiste honetan, alderdiz alderdi, zer ordezkaritza izango duten hautetsien sexuari dagokionez.

Garikoitz Goikoetxea

Garikoitz Goikoetxea

23:29

Elkarrekin Podemos-IU koalizioa da eserleku gehien galdu dituen taldea. Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak herritarrak eta EAJ zoriondu ditu, eta adierazi du datozen lau urteetan «politika aurrerakoiak indartzeko» lan egingo dutela Eusko Legebiltzarrean.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

23:26

«Euskal sozialistok dagokigun lekua berreskuratu dugu», adierazi du Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak: «Ezker ez-nazionalistaren lidergoa». Nabarmendu du haien botoek ez dutela «gobernurik oztopatuko».

Andoni Imaz

Andoni Imaz

23:17

Boto guztiak zenbatuta, honela geratu dira azken legebiltzarkideak: Araban EAJrentzat (EH Bildu 226 botora). Bizkaian EH Bildurentzat (PP 108 botora). Gipuzkoan Elkarrekin Podemos-IUrentzat (EH Bildu 1.466 botora). Atzerriko botoak zenbatzea falta da.

Jakes Goikoetxea

Jakes Goikoetxea

23:15

«Emaitzek erakutsi dute EH Bildu hazten ari dela, eta hazten jarraituko duela», ospatu du Maddalen Iriarte lehendakarigaiak EH Bilduren egoitzan egindako agerraldian. «Oso pozik gaude emaitzarekin. Argi daukagu aldaketa ezkerretik eta subiranotasunetik etorriko dela», esan du.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

23:11

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi du herritarrek EAJri eman diotela «herri hau gidatzeko konfiantza». Datorren legealdian «lankidetza ziklo berri bat» hasiko dela esan du: «Helburu bakar batekin: krisialditik indartuta ateratzea».

Andoni Imaz

Andoni Imaz

23:03

Carlos Iturgaiz PP+C's-en lehendakarigaia: «Kezkatzen nau abstentzioak. Galdetu beharko da egoera honen arduraduna. Abstentzio horrek ahalbidetu du legebiltzarraren lau bostenak abertzalea izatea».

Andoni Imaz

Andoni Imaz

22:56

Eskuin muturra Eusko Legebiltzarrean sartu da, eta Voxek eserleku bat lortuko du Arabatik. Hain zuzen, Maria Amaia Martinez izango da euren ordezkaria. «Albiste historikoa» dela esan du Santiago Abascalek.

Irati Urdalleta Lete

Irati Urdalleta Lete

22:55

Botoen %99,81 zenbatuta, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren lehendakarigaiak kanpainan behin eta berriro proposatu duen EH Bildu – PSE-EE – Podemos-IU hirukoak gehiengo osoa luke Eusko Legebiltzarrean, doi-doi: 38 eserleku.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

22:52

Galizian, koronabirusaren zenbait agerraldi detektatu dituzte azken egunetan, eta gune batzuetan konfinamendua ezarri du gobernuak. Haatik, gaurko hauteskundeetako parte hartzea 2016an baino handiagoa izan da. Botoa ematera deitu dituzten herritarren %58,88k hartu dute parte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, parte hartzea %52,84koa izan da.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

22:48

Azken eserlekua lortzeko lehiarik estuena Bizkaian dago orain. EH Bilduk du azkena, eta PP+C's koalizioa du atzetik, 137 botora. Araba, EAJrena da azkena, eta EH Bildu 226ra dago.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

22:47

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako jarduneko Segurtasun sailburuak hauteskundeetako emaitzen berri eman du, botoen %99,52 zenbatuta dituztela: EAJk 31 eserleku (+3), EH Bilduk 22 (+4), PSE-EEk 10 (+1), Elkarrekin Podemos-IUk 6 (-5), PP+C's-ek 5 (-4) eta Voxek 1 (+1).

Andoni Imaz

Andoni Imaz

22:45

Ordizian (Gipuzkoa), EH Bilduk 2016an baino 230 boto gehiago eskuratu ditu, eta jeltzaleek 356 gutxiago. Parte hartzea %55 izan da. Irakurri albistea.

Paulo Ostolaza

Paulo Ostolaza

22:42

EH Bildu igo egin da Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) inguruko herrietan. EAJk eta PSEk jaitsi egin dira botoetan Eibarren (Gipuzkoa) eta Ermuan (Bizaia). Zaldibarren, aldiz, aldaketa txikiagoa da. Irakurri albistea.

Imanol Magro Eizmendi

Imanol Magro Eizmendi

22:40

PP+C's koalizioak eta Voxek 76.973 boto izan dituzte, %99 zenbatuta. 2016an, PPk, Ciudadanosek eta Voxek 130.019 izan zituzten (%60ko parte hartzearekin). 2012an, PPk eta UPDk, 152.123 (ia %64ko parte hartzearekin).

Andoni Imaz

Andoni Imaz

22:26

EH Bildu izan da bototan hazi den alderdi bakarra, Voxez gain. EAJk irabazi ditu bozak, baina 58.000 boto gutxiago izan ditu 2016an baino. EH Bilduk 16.000 irabazi ditu, botoen %97 zenbatuta.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

22:21

Zaldibarren (Bizkaia), botoen %100 zenbatuta, EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak. 465 boto jaso ditu; EAJk, 436. 2016ko bozetan, alderantzizko emaitza izan zen; EAJk 30 botoren aldearekin irabazi zuen. PSE-EEk 175 boto izan ditu, duela lau urte baino 28 gutxiago.

Eibarren (Gipuzkoa), botoen ia %98 zenbatuta, EAJk 3.684 boto izan ditu (-539); EH Bilduk, 3.269 (+371); eta PSE-EEk 2.385 (-399).

Andoni Imaz

Andoni Imaz

22:09

Botoen %95 zenbatuta, Elkarrekin Podemos-IUk eta Equo Berdeak-ek 79.492 boto izan dituzte. 2016ko bozetan, haien koalizioak 157.334 boto izan zituen, ia bikoitza.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

22:05

Galizian, Alberto Nuñez Feijook (PP) gehiengo osoa lortu du laugarren aldiz jarraian. Botoen %87 zenbatuta, aurreko legealdian baino eserleku bat gehiago izango dute: 42. 38 bototan dago gehiengoa. BNGk gorakada handia izan du: 19 eserleku lortu ditu, 13 gehiago.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

22:00

EH Bilduk bi eserleku galdu berri ditu, Araban eta Gipuzkoan. Arabako azkena EAJk lortu du, eta EH Bildu 62 botora dago. Gipuzkoakoa Elkarrekin Podemos-IUrena da, eta EH Bildu 380 bototara dago, %93,5 zenbatuta.

Gauzak horrela: EAJk 31 (+3), EH Bilduk 21 (+3), PSE-EEk 10 (+1), Elkarrekin Podemos-IUk 6 (-5), PP+C's-ek 6 (-3) eta Voxek 1 (+1).

Andoni Imaz

Andoni Imaz

21:55

Botoen %91 zenbatuta, PPk eserleku bat irabazi du, eta EAJk galdu. EAJk 30 (+2), EH Bilduk 23 (+5), PSE-EEk 10 (+1), Elkarrekin Podemos-IUk 5 (-6), PP+C's-ek 6 (-3) eta Voxek 1 (+1).

Andoni Imaz

Andoni Imaz

21:47

Botoen %80 zenbatuta, Arabako azken eserlekua dantzan PSE-EEren eta PPren artean. EAJk 31 (+3), EH Bilduk 23 (+5), PSE-EEk 10 (+1), Elkarrekin Podemos-IUk 5 (-6), PP+C's-ek 5 (-4) eta Voxek 1 (+1).

Andoni Imaz

Andoni Imaz

21:42

Galizian, botoen %70 zenbatuta, PPk 42 (+1), BNGk 19 (+13) eta PSdeGk 14 (=). Eserlekurik gabe, oraingoz, En Comun (-9) eta En Marea (-5).

Andoni Imaz

Andoni Imaz

21:35

Eusko Legebiltzarrean, 38 eserlekutan dago gehiengoa. Botoen ia %70 zenbatuta, EAJk eta PSE-EEk 41 dituzte. EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, 38.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

21:31

Botoen %61 zenbatuta, EAJk eserleku bat galdu du, eta PSE-EEk irabazi. EAJk 31 (+3), EH Bilduk 23 (+5), PSE-EEk 10 (+1), Elkarrekin Podemos-IUk 5 (-6), PP+C's-ek 5 (-4) eta Voxek 1 (+1).

Andoni Imaz

Andoni Imaz

21:28

Araban, parte hartzea %51,47 izan da; Bizkaian, %51,99; eta Gipuzkoan, %54,54.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

21:23

Botoen erdiak zenbatuta, EAJk 32 eserleku lortu ditu (+4), EH Bilduk 23 (+5), PSE-EEk 9 (=), Elkarrekin Podemos-IUk 5 (-6), PP+C's-ek 5 (-4) eta Voxek 1 (+1).

Andoni Imaz

Andoni Imaz

21:20

Parte hartzearen datuak eman berri dituzte. Hautesleen %53k eman du botoa, 2016an baino %7 gutxiagok.

Iosu Alberdi

Iosu Alberdi

21:03

Beltran de Heredia jarduneko Segurtasun sailburuak adierazi du atzeratu egin dela botoen kontaketa, eta ordu laurdenean emango duela datuen berri.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

20:46

Ordiziako Udalak (Gipuzkoa) parte hartzearen behin-behineko datua eman du bozkalekuak ixtean: 3.914 boto, %55,95. 2016ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, %65,06 izan zen. 2012koetan, %67,27.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

20:33

Ander Perez Zala Galiziako bozetarako BERRIAren berriemaile bereziak Anxo Quintana Galiziako presidenteordeari (BNG) elkarrizketa egin zion kanpainan. «Irabazteko ezinbestekoa den gauza bat egin du BNGk: eusten jakin», esan zion hark. Inkesten arabera, nazionalistek inoizko emaitzarik onena lor lezakete gaur.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

20:27

Feijook gehiengoa gal lezake

Galiziako Telebistak bozkalekuetan egindako galdeketaren arabera, PPk 37-40 eserleku lortuko lituzke gaur; 41 izan ditu aurreko legealdian, eta 38 eserlekutan dago gehiengo osoa. BNGk alderdiaren historiako emaitzarik onena lortuko luke: 19-22 eserleku (sei izan ditu), PSdeGk baino gehiago. Sozialistek, gehienez ere, orain arteko kopurua mantenduko lukete. Hamalau izan dituzte, eta hamabi eta hamalau artean lituzkete orain. Galicia en Comunek luke emaitzarik okerrena: bi eserleku. 2016n, En Marea markak hamalau lortu zituen.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

20:07

Gizaker etxeak EITBrentzat egindako inkestaren arabera, EAJk hobetu egingo ditu 2016ko hauteskundeetako emaitzak. 30-32 eserleku lor litzake (28 izan ditu aurreko legealdian); EH Bilduk hogei izango lituzke, bi gehiago; PSE-EEk ere gorakada nabarmena izango luke: bederatzi eserlekutik hamar edo hamabira; Elkarrekin Podemos, berriz, zazpi edo zortzi eserlekurekin geratuko litzateke (11 izan ditu); PP-C's-ek lau eta sei artean lituzke (PPk bederatzi izan ditu); eta Voxek eserleku bat lor lezake.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

20:00

Itxi dituzte hauteslekuak. Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako jarduneko Segurtasun sailburuak agerraldi bat egingo du 21:00etan, parte hartzearen datuak eta lehen emaitzak emateko. Behin betiko emaitzak, 22:30ean.

Andoni Imaz

Andoni Imaz

18:35

Historikoan, nabarmen behera

Arratsaldera arte hirutik batek soilik eman du botoa gaur; %36,02ak zehazki. Nabarmen egin du behera: haue dira aurreko hauteskundeetako arratsaldeko parte hartzearen datuak:

1994: %42,83
1998: %52,34
2001: %57,52
2005: %48,63
2009: %48,82
2012: %47,21
2016: %44,38
2020: %36,02

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

18:33

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaitsi da parte hartzea

Araban jaitsi da gehien parte hartzea, arratsaldera arteko datuetan. Duela lau urte %43,48koa izan zen, eta gaur berriz, ozta-ozta iritsi da %33ra; %33,2koa izan da zehazki eta 9,3 puntu jaitsi da.

Bizkaian 8,5 puntu jaitsi da, %44,86tik %36,3ra. Gipuzkoan ere jaitsi egin da parte hartzea 2016ko hauteskundeekin alderatuta. Orduko horretan %44,46koa izan zen, eta gaur %36,7koa.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

17:09

Eguerdian Ordizian, %19,65eko parte hartzea

Ordizian eguerdira arte herritarren %19,65ak eman du botoa, hauteskundeetako goizeko parte hartzearen gainetik bost puntu. 1.375 bizilagunek eman dute zehazki botoa lehen hiru orduetan. 6.996 ordiziar daude gaur deituta botoa ematerara.

Jon Ordoñez Garmendia

Jon Ordoñez Garmendia

14:32

EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek bozkatzeko eskatu die herritarrei, «Euskadiren etorkizunaren alde, krisitik ahalik eta azkarren eta hobekien ateratzeko». Abanto-Zierbenan (Bizkaia) bozkatu du, eta «konfinamendua geure bizitzetara heldu zenetik» egin duen «ekintzarik seguruena» izan dela gaineratu du.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:41

Ordizian parte hartzea Gipuzkoan baino lau puntu handiagoa izan da. Eguerdirako, bozkatzeko eskubidea duten herritarren %19,65ek eman dute botoa, 1.375 guztira. Gipuzkoan parte hartzea %15,48koa izan da epe berean, eta EAEn, %14,1ekoa.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:20

Araban, deituta dauden herritarren %13,51k eman du botoa (-0,41), Bizkaian %13,49 (-1,02), Gipuzkoan %15,48 (-2,05).

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

13:13

Parte-hartzea, 1,26 puntu txikiagoa eguerdian

2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin parekatuta, parte-hartzeak 1,26 egin du behera gaurko bozetan. Eguerdirako botoa ematera aukera duten herritarren %14,4k baino ez du bozkatu. 2016ko bozetan %15,4koa zen proportzioa.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

12:24

Elgoibarren (Gipuzkoa) bozkatu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Gaur aukeratu behar da ustelkeria kasuak dituztenen eta ez ditugunon artean», esan du, «egia esaten dugunon eta esaten ez dutenen artean, osasun publikoa zaintzen dugunon eta arriskuan jartzen dutenen artean».

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:40

«Erantzukizunarengatik» bozkatzeko dei egin du EH Bilduko lehendakarirako hautagai Maddalen Iriartek. Durangon bozkatu du. «Egia esango duen gobernu baten alde» bozkatzera deitu du, eta «jendea zaindu eta jendearen osasuna eta berdintasunez bozkatzeko eskubide demokratikoa beste interes ororen gainetik« jarriko duen Jaurlaritza bat osatzeko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

11:05

«Gaur erabakitzen dugu zer osasun sistema nahi dugun etorkizunerako», adierazi du PSEko hautagai Idoia Mendiak, Bilbon botoa ematerakoan.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:58

Elkarrekin Podemos-IUko hautagai Miren Gorrotxategik Durangoko (Bizkaia) Zabalarra bozkalekuan eman du botoa. Bozak «ezohikoak» direla baina eguraldi txarrak beharbada herritarrak boto kutxetara bultatuko dituelakoan dagoela esan du. Bozekin «gauzen norabidea» aldatzeko aukera dagoela nabarmendu du.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:37

Gutxitan ematen du hauteskunde egun batek argazki indartsurik. Gaurko bozak salbuespena dira horretan ere. Bozkatzera joan den Ordiziako ehun urteko herritar bati erretratu hau egin dio Javier Etxezarretak (EFE).

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:10

Getxon (Bizkaia) bozkatu du Carlos Iturgaitz PPko hautagaiak. Madrilgo alkate Jose Luis Martinez-Almeidak lagunduta joan da bozkalekura.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

10:06

Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak Durangon bozkatu du. «Neurriek segurtasuna bermatzen dute», adierazi du. «Trena lau urtetik behin» pasatzen dela gaineratu du, eta dei egin die herritarrei horretaz baliatzeko.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

09:46

Arazorik gabe osatu dira Ordiziako hamar mahaiak, eta dagoeneko botoa eman dute hainbat herritarrak, udalak zabaldu duenez.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

08:50

Ordizian geratzeko eskatu diete ordezkoei, ziurtatzeko bozkatzeko mahaiak osatzerik egongo dela.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

08:33

Ordu erdi barru zabalduko dituzte bozkalekuak. EAJren hautagai Iñigo
Urkulluk
Durangon (Bizkaia) bozkatuko du, 9:00-10:00ak artean. EH Bilduko
Maddalen Iriartek ere hiri beran bozkatuko du, 11:00ak aldera. PSEko
Idoia Mendiak Bilbon, 10:30ak aldera.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren

08:22

Hasi dira mahaiak osatzen, Ordizian egoera berezian, izurriaren agerraldiarengatik: bozkalekuak pilotalekuan jarri dituzte, osasun neurriak zorrozte aldera.

Edu Lartzanguren

Edu Lartzanguren


Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.
Maria Txibite Nafarroako lehendakaria. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Foru Hobekuntza: osatu edo berritu

Jon O. Urain

Txibitek uste du ez dela garaia Nafarroako Foru Hobekuntza moldatzeko, hura «garatzeko» baizik. Barkosek dio legea «bete gabe» dagoela eta «itun politiko berri bat» beharrezkoa dela
Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...