Kontsumoaren suspertzeak inflazioaren jaitsiera eten du

Produktu gehienen prezioek gora egin dute, maiatzeko eta apirileko datuekin konparatuta, baina erregaien kontsumoa apala da oraindik.

Saltzaile eta bezero bat, Donostiako merkatu batean. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 14a
11:56
Entzun

Konfinamendu neurrien amaierak kontsumoaren igoera ekarri badu ere, inflazioa 0tik behera dago oraindik ere Hego Euskal Herrian. Hala dago martxotik, eta 2015az geroztik ez dira prezioak azken hilotan bezainbeste jaisten.

Maiatzean baino hiru hamarren txikiagoa da ekaineko KPIa, lau lurraldeetan: -0,5ean dago. Aldaketa apal hori hori gertatu da hainbat produkturen eta zerbitzuren kontsumoa handitu egin delako, eta, horrekin batera, gora egin dutelako horien prezioek.

Elikagaien prezioak goraka ari dira, koronabirusaren krisia hasi zenetik hilero gertatzen ari den moduan. Alor horretan, prezioak iazko ekainean baino %3,6 handiagoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,9 Nafarroan. Aurreko hilekoekin konparatuta, baina, pixka bat merkatu dira: %0,4 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %0,8 Nafarroan

Ekainean, halaber, ostalaritza zerbitzuen kontsumoa ere igo egin da, bereziki taberna eta jatetxeetakoa. Alor horretako produktuak iaz baino %1,4 garestiagoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2 garestiagoak Nafarroan. Arropen kontsumoa eta aisialdiarekin loturiko zerbitzuen kontsumoak ere gora egin du ekainean.

Erregaien eragina

Atal horietan kontsumoa igo egin bada ere, hori ez da nahikoa izan joerari buelta emateko, eta hori bereziki gertatu da erregaien, argindarraren eta uraren kontsumo apalengatik, jarduera ekonomikoa ez baita %100era itzuli.

INE Espainiako Estatistika Instituzioak jasotzen dituen ataletatik bakarra da prezioek behera egin dutena. Iazko urtekoekin konparatuta, %9,8 merkeagoak dira produktu horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %14,1 merkeagoak Nafarroan. Dena dena, goranzko joera bat nabari da, maiatzeko prezioekin konparatuta: %5,7 garestitu dira lau lurraldeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.