Katalunia

Kataluniako Gobernuak hirugarren gradua aitortu die espetxeratutako buruzagi independentistei

Presoek lotarako joan beharko dute soilik espetxera, astelehenetik ostiralera. Asteburua kartzelatik kanpo eman ahalko dute.

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia, artxiboko irudi batean. SUSANNA SAEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 14a
14:40
Entzun

Hirugarren graduko espetxe erregimena ezarriko diete berehala Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn eta Dolors Bassa Kataluniako kontseilari ohiei, Kataluniako Parlamentuko presidente izandako Carme Forcadelli, ANCko buru ohi Jordi Sanchezi eta Omniumeko presidente Jordi Cuixarti. Kataluniako Gobernuak ontzat eman du preso dituzten espetxeetako tratamendu batzordeek proposatutako neurria.

Fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko aukera izango du espetxe zaintzako epailearen aurrean. Hura ere hirugarren graduaren alde agertuko balitz, bigarren instantzian helegitea aurkezteko modua izango luke Fiskaltzak. Kasu horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak izango luke preso independentistei ezarri beharreko espetxe erregimenari buruzko azken hitza. Dena den, espetxeratutako buruzagi independentistek ez dute azken erabakiaren zain egon beharko espetxetik irten ahal izateko, eta berehala ezarriko zaie hirugarren gradua.

Tratamendu batzordeek hirugarren gradua proposatu zuten uztailaren 2an, Kataluniako prozesu independentistaren kontrako auzian zigortuak izan ziren buruzagi independentistentzat. Kataluniako Gobernuak proposamena onestea ez da ezustekoa izan, tratamendu batzordeen proposamenen %95 jotzen baititu ontzat Generalitateko Espetxe Neurrien zuzendaritzak. 

Hala ere, ikusteko dago Fiskaltzak zein jarrera hartuko duen. Aurretik eskatua zuen hirugarren gradua ez emateko preso independentistei, harik eta zigorraren erdia espetxean betetzen duten arte. Zigor Kodearen arabera, baldintza hori ezar zezakeen Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagiak zigortu zituenean, bost urtetik gorako kondenak ezarri zizkien eta. espetxe zaintzako epaileak aurreko zenbait autotan nabarmendu du Gorenak ez zuela halako baldintzari ezarri sententzian.

Tratamendu batzordeek bigarren gradua proposatu zuten, iazko abenduaren 11n, espetxeratutako buruzagi independentistentzat. Erregimen horretan, eta Zigor Kodeko 100.2 artikulua baliatuta, espetxetik irteteko baimenak jaso zituzten. Ordutik, lan egitera, senideren bat zaintzera eta borondatezko lanak egitera ateratzeko aukera izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.