Banksy grafitigileak maskarak janzteko eskatu du ekintza baten bidez

Londresko metroan sartu da, garbitzaile jantzita, eta koronabirusaren inguruko irudiak margotu ditu.

Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 15a
16:04
Entzun

«Konfinaturik egon naiz, baina altxatu naiz berriz». Itzultzean hitz jokoa galtzen bada ere, mezu horrekin kaixo esan nahi izan die berriz zaleei Banksy grafitigile ingelesak. Arte galerietan eta enkante areto dotoreetan ibili ziren haren lanak izurriaren aurretik, baina jatorrira itzuli da margolaria. Izan ere, metroa hartu du jomuga, eta maskarak erabiltzearen aldeko mezua margotu du.

Bideo batean kontatu du bere ekintza artistak berak. Metroko garbitzaile gisa mozorroturiko pertsona bat —Banksy bera, ustez— sartu da Londresko lurpeko trenera. Autoritate handiz agindu die bidaiariei beste bagoietara joateko, lan egin behar duelakoan. Baina garbitu ordez, txantiloiak, espraia eta brotxak atera ditu, eta bagoietan barruan margotzeari ekin dio.

Bere ibilbidearen hasieratik aritu da grafitigilea arratoiak margotzen. Mezua argia zen: hiriak aberastasun eta botere leku gisa saltzen du bere burua, baina azpian, arratoiak dira jaun eta jabe, eta hiriari azpia jaten ari zaizkio. Oraingoan, arratoi horiek metroan dabiltza, baina maskarak jantzita, doministikuka eta eskuak mikrobioen aurkako gai batekin garbitzen.

Beste edonork eginez gero, bandalismotzat joko litzateke Banksyk eginikoa, baina artistaren ospea horren handia da, non metroa kudeatzen duen —eta garbitzeaz arduratzen den— Transport Of London erakundeak ontzat eman duen «jendeari maskara jartzeko bultzatzeko» ahalegina. Uztailaren 16an garraio erakundeak iragarri zuen Banksyren margoketa «garbitu» egin zutela konpainiako langileek, «margoketen aurkako politika zorrotzari jarraikiz», beste «edozein bandalismo» ekintza gisa. Edonola ere, TOLek artista gonbidatu du «mezu horren beste bertsio bat margotzeko leku egoki batean».

Autosuntsiketa, eta konfinamendua

Banksyren sonarik handieneko ekintza, eta eztabaidatsuenetako bat, 2018ko urrian egin zuen. Londresko Sotheby's etxean haren lan bat jarri zuten enkantean, eta 1.192.000 euro ordaindu zuen erosle batek. Baina enkantea amaitu bezain laster, artistak Girl With Balloon (Neska puxikarekin) obraren markoan ezkutaturiko mekanismo bat piztu zuen, eta lanaren erdia zerrendatan txikitu zuen.

Konfinamenduan lanean jarraitu du artistak. Besteak beste, arratoiak margotu ditu bere etxeko komunean. Baina arratsaldeko zortzietan txalo egin ordez, irudi baten bitartez eskertu nahi izan zien lana osasungintzako langileei. Lan bat eskegi zuen Southamptoneko (Ingalaterra) General Hospital erietxean, haien omenez: haur bat ageri da erizain bat irudikatzen duen panpina batekin jolasten, ohiko superheroiak saski batean bazterturik dituen bitartean.

«Eskerrik asko egiten ari zaretenarengatik. Espero dut honek erietxea apur bat alaitzea, zuri-beltzekoa baino ez bada ere».

Azken asteotan, artistak bere ustezko jaioterrian —Bristolen— margoturiko beste irudi bat maskaraz jantzita agertu zen apirilean. XVII. mendeko Johannes Vermeer margolariaren Perlazko belarritakoaren neska koadroaren bertsioa egin zuen Banksyk 2014. urte aldera: 'Piercing'-aren neska. Ez dakite nork jarri dion maskara margolanari.

Banksyk Bristolen eginiko margolanari maskara jarri zioten apirilean. Neill Hall / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.