Frantzia

Castexek «separatismoaren kontrako» lege proposamen bat aurkeztuko du

Gobernu berriaren lehentasuna enplegua sustatzea izango dela adierazi du lehen ministroak. Pandemiaren krisiari erantzuteko 100.000 milioi euroko funts bat eratuko du.

jarraia184371.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 15a
18:42
Entzun

Ekonomia suspertzea izango da Frantziako gobernu berriaren lehentasuna, Jean Castex lehen ministroak iragarri duenez. Frantziako Asanblea Nazionalean, politika orokorreko eztabaidan aurkeztu ditu Castexek hurrengo urte eta erdian gobernuaren ildo nagusiak izango direnak. Koronabirusak eragin duen krisiari erantzuteko 100.000 milioi euroko ditu funtsa eratuko duela jakinarazi du. «Enplegua izango da nire gobernuaren erabateko lehentasuna», ziurtatu du. Hala aurreratu du bestelako neurririk. Horien artean, «separatismoaren kontrako» lege proposamen bat. 

Frantziako lehen ministroak estatuaren «etsai» gisa aurkeztu du «separatismoa», eta, udazkenean, haren kontrako lege proiektu bat aurkeztuko duela aurreratu du, neurriaren edukiari buruzko informazio gehiago eman gabe. «Errepublika Frantzia da. Eta haren oinarriak ere kolokan daude, bere etsaien arteko koalizioaren ondorioz: terroristak, estremistak, konspiratzaileak, separatistak, komunitaristak».

Lehen ministroaren arabera, lege proiektu horren helburua litzateke «hainbat talde beren ezaugarri etniko edo erlijiosoen inguruan intransigentziaz itxi daitezela eragoztea». Hala, lege horrek izaera etniko, erlijioso edo kulturala duten aldarrikapenen «sabaia» zein den zehaztu beharko luke, eta Frantziako Errepublikaren identitatea indartu. «Errepublikaren balore nagusia sekularitatea da. Inolako erlijiok, pentsamentu korrontek, inolako talde antolatuk ezin du espazio publikoa bere egin eta ezin die Errepublikaren legeei eraso egin». Joan den ekainean, «komunitarismoa eta separatismoa» Frantziarentzako mehatxu zirela ohartarazi zuen.

Krisiari erantzuteko funtsa

Castexen hitzaldiaren zatirik handiena, baina, gai ekonomikoek hartu dute. Koronabirusak eragin duen krisiari erantzuteko neurriei eskaini die arreta handiena. Lehen ministroaren esanetan, pandemiak agerian utzi du Frantziako ekonomiak «gehiegizko menpekotasuna» duela beste herrialde batzuekiko. «Hori aldatzeko, 40.000 milioi [euro] bideratuko ditugu».

Lehen ministroa Frantzia barruko ekoizpen jarduera indartzen lagunduko duten neurriak hartzearen alde agertu da. eren artean, «ekoizpena zamatzen duten zergak arindu» behar direla babestu du, bertan egindako produktuak merkatuan lehiakorragoak izan daitezen. Horrez gain, beharrezkotzat jo du EB Europako Batasunak lehiaren gaineko araudia aldatzea, «txapeldun industrialak» izango diren enpresen sorrerari bide emateko.

«Industria nazio handi bat izan gaitezke berriro ekologiari esker», adierazi du Castexek, eta argitu du «hazkunde ekologian» sinesten duela berak, eta ez «deshazkunde berdean». Hala, Frantziako industria eraldatzearen garrantzia nabarmendu du.

Castexen iritziz, 100.000 milioi euroko diru funtsaren inbertsioa «hil ala biziko» ahalegina da. Jakina da estatuaren zor publikoa areagotuko duela, baina ziurtatu du koronabirusak eragin duen krisiari ezin zaiola «aurrekontu austeritatearekin» erantzun. Zorpetze publiko horrek EBren babesa duela gaineratu du, eta Frantziak babes hori «negoziatzen jakin» duela.

Hain justu, ostiralean elkartuko dira EBko estatu kideak goi bileran, pandemiak sortutako krisiaren aurrean erantzun bateratu bat adosten saiatzeko.

Macronek uztailaren hasiera izendatu zuen Castex lehen ministro, eta Asanblea Nazionalaren aurrean egin duen lehen hitzaldia izan da gaurkoa. Macronek udal hauteskundeetan jaso zituen emaitza kaxkarrek behartuta berritu zuen gobernua. Gorakada nabarmena izan zuen EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.