Golfa

Jon Rahm lehena da munduko rankingean

PGA Tourraren Memorial txapelketa irabazi du bart, eta historia egin du.

Jon Rahm, Mexikon otsailean jokatu zen txapelketa batean. JOSE MENDEZ, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko uztailaren 20a
08:41
Entzun

Jon Rahmek historia egin du. Lehen aldiz euskal golflari bat munduko sailkapenaren gailurrean da. Soilik 24 golf jokalarik lortu dute rankingaren lehen postura igotzea, eta hori lortzen duen bederatzigarren europarra da Barrikako (Bizkaia) jokalaria. Bart PGA Tourraren Memorial txapelketa irabazi ostean lortu du lehen postua. Denboraldiko lehen garaipen izan du, PGA Tourreko hirugarrena. «Gogoratzen naiz... aita, ama... Eskerrik asko. Eskerrik asko guztiei, benetan», erantzun du euskaraz, AEBetako NBC telebistak kateak elkarrizketatu duenean. Lortutakoa sinetsi ezinda zebilen. «Larunbatean bikain aritu nintzen, baina atzo [igandea] gorabehera batzuk izan nituen. Irabaztea zoragarria izan da. Barneratzeko denbora beharko dut»

Justu lau urte eta hilabete da profesional gisara debuta egin zuela. 21 urte baino ez zituen. Urte hauetan 11 txapelketa irabazi ditu Rahmek. Bart irabazi duenak 76 puntu eman dizkio, eta guztira 460,82 batuta, Rory McIlroy irlandarra aurreratu du munduko sailkapenean. 11 aste zeramatzan horrek lehen postuan (guztira, aurreko aldiak zenbatuta, 106). Aste gehien Tiger Woords egon da gailurrean, 683. Erregulartasuna izan da Rahmen ibilbidearen gako nagusia. Izan ere, 11 txapelketa irabazteaz gain, 48 aldiz lortu du hamar onenen artean sailkatzea. Soilik Justin Thomasek lortu du Rahmek baino trofeo gehiago altxatzea, eta horrek ahalbidetu dio munduko sailkapeneko lehen postuan egotea. Duela egun batzuk argi zion: «Lehen postuan egotea, irabaztearen ondorio izango da, baina batez ere ondo jokatzearena. Erregularra izan behar da hori lortzeko».

Atzokoan presioari, haizeari eta euriari egin behar izan zion aurre Rahmek garaipena eskuratzeko. Lehen erdian bikain aritu zen, bi birdie eginez. Bigarren erdian, ordea, bogey batekin hasi zen, eta bogey bikoitza egin zuen hurrena. Hamaikagarren zuloan, gainera, lau jaurtiketa behar izan zituen parraren gainetik. Ryan Palmer bere aurkaria hiru kolpera hurbildu egin zitzaion. Baina, nahiz eta atzo distirarik ez zuen izan, garaipena eskura izan zuen une oro, eta ez zion ihes egin. Irudian, hamaseigarren zuloan.

Torneoan izandako «baldintza zailak» ekarri ditut gogora. «Gaur batez ere, euria tarteko, zelaia oso bizkor zegoen. eta zaila zen pilota gerturatzea. Horregatik izan dira puntuazioak horren baxuak». Hain zuzen ere, 16. zuloan izan da eztabaidarik. Rahmen ustez, hor egin du txapelketako kolperik onena, baina epaileek, gerora, bi kolpeko zigorra jarri diote belarra zanpatu duelako, horren erruz bere pilota mugitu egin delako kolpea jo aurretik. Baina ez dio garrantziari eman nahi. "Horrek ez du torneoaren emaitza aldatzen. Kolperik onena izan denaren sentipenarekin geratzen naiz. are gehiago kontuan hartuta motzean jokatzeko aukera bakanetakoa izan dela".

Rahmek argi du zein den bere hurrengo helburua: "Handi bat irabazi nahi dut". Eta gogorarazi zuen hitza betetzen duen pertsona dela. Izan ere, nerabe zela, bere lehen entrenatzaileari agindu zion egunen batean munduko onena izango zela, eta lortu du. Handi bat irabazteko asmo horretan, PGA txapelketa izango da hurrengo erronka, abuztuaren 6tik-9ra. Ondoren jokatuko dira, koronabirusaren pandemiak gauzak  okertzen ez baditu, AEBetako irekia (irailaren 17tik-20ra) eta Augustako Mastersa azaraoren 12tik 15era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.