Nafarroako Gobernuak murriztu egingo du gaueko tabernen ordutegia

Hego Euskal Herrian beste 165 pertsonak eman dute positibo PCR proba eginda. Beste bi agerraldi detektatu dituzte Iruñean. Osasun Departamenduak eskatu du ez hartzeko gazteak «erruduntzat».

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria, artxiboko argazki batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Andoni Imaz.
2020ko uztailaren 20a
13:40
Entzun

Nafarroako Gobernuakre «kirurgia selektiboarekin» jarraituko du koronabirusaren agerraldiei aurre egiteko operazioan. Santos Indurain Osasun kontseilariak koronabirusaren bilakaerari buruzko prentsaurreko bat egin du eguerdian, eta adierazi du haien estrategia ez dela «bereizi gabeko atzeraldi bat» egitea, baizik eta modu «selektiboan» jardutea. «Osasun publikoa zaindu behar dugu, baina bizitza ekonomikoa eta soziala ere bai», esan du. Azken asteetan, positiboen kopurua hazi egin da, bereziki gazteen artean eta «gaueko aisialdian». Horregatik, gobernuak espero du etzi onartzea gaueko tabernen ordutegia mugatzeko lege bat, beste taberna eta jatetxeen antzeko itxiera ordu bat ezartzeko: «02:00etan, segur aski».

Osasun Departamenduko zenbait aztarnari ari dira gaixotutakoen harreman sarea osatzen, eta langile ugari ari dira lan horretarako prestatzen. Azken astean atzemandako kasuen artean, 15 eta 29 urte arteko gazteak dira %65. Nafarroako Gobernuaren arabera, gehienek gaueko aisialdiarekin dute lotura, eta horregatik ezarriko dituzte neurri murriztaileak jai giroan. Tabernak lehenago itxiarazteaz gain, hamar lagun baino gehiago elkartzea ere debekatuko dute ordu horretatik aurrera, ez dadin jenderik pilatu kalean.

Dena dela, Indurainek eta Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak nabarmendu dute gazteak ez direla ezeren «errudun». Gazteen kolektiboak azken urteetan «bazterketa, prekaritatea eta egoera zaila» jasan dituela esan du Artundok, eta pandemiaren aurrean izan duten konpromisoa eta auzoetan egin duten lana eskertu die Indurainek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.