Bulgaria

Bulgariako Gobernuak zentsura mozioa gainditu du, kaleko protesten artean

Oposizioak ustelkeria leporatu dio gobernuari haren kontrako zentsura mozioa aurkeztu duenean. Kalean, protestak izan dira hamahirugarren egunez jarraian. Gobernu osoaren eta fiskal nagusiaren dimisioa exijitu dute.

Bulgariako Gobernuaren kontrako protesta bat, gaur, parlamentuaren parean. VASSIL DONEV, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 21a
14:43
Entzun

Boiko Borisov Bulgariako presidentearen gobernuak parlamentuan duen babesari esker gainditu du oposizioko BSP alderdi sozialistak aurkeztu duen zentsura mozioa. Eskuineko gobernuari sostengua eman diote GERB eta Abertzale Batuak alderdiek. 124 botorekin, baztertu dute zentsura mozioa; 102 parlamentarik egin dute haren alde, eta 11 abstenitu egin dira.

Parlamentuan eztabaidatzen ari ziren bitartean, dozenaka manifestari elkartu dira ganberaren kanpoaldean, Borisoven gobernu osoaren eta fiskal nagusiaren dimisioa exijitzeko. Herrialdean ustelkeria errotuta dagoela salatzen dute, eta erreforma politiko sakonak galdegin dituzte. Goizean dozenaka batzuk elkartu dira, baina, protesta oldeak orain arte iraun duen hamahiru egunetan, mobilizazio jendetsuak izan dira gauetan. Milaka manifestari elkartu dira Sofia hiriburuan eta herrialdeko hainbat hiritan, ustelkeria salatzeko.

Protestak indartu egin ziren duela hiru egun, Poliziak Rumen Radev Bulgariako presidentearen bulegoa miatu ostean. Radev sozialisten hurbilekoa da, eta aurkari du Borisov lehen ministroa.

Manifestariek adierazi dute ez dutela amore emango gobernu osoak dimititu arte. Mafiaren eta herrialdeko oligarkiaren menpeko izatea leporatzen diote.

Borisovek bere gobernuan aldaketak egingo dituela hitzeman du. Aldaketa horiek «bi egun barru» jakinaraziko dituztela adierazi du Valeri Simeonov parlamentuko presidenteordeak. Haren esanetan, ezin da baztertu gobernu eraldaketak lehen ministro karguari ere eragitea. 

Bulgarian datorren urterako daude aurreikusita presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.