Positibo gehiagorik egon ez arren, egoera ezin da «kontrolatutzat eman», Bergarako Udalak esan duenez

Gipuzkoako herri horretan COVID-19 gaitzaren hamazazpi kasu baieztatu dituzte. Tolosako alkateak ere ez lasaitzeko eskatu die herritarrei.

Osasun langile bat, maskararekin, Tolosako Beotibar pilotalekuaren inguruan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 21a
19:11
Entzun

Albiste ona zabaldu du Bergarako Udalak: Gipuzkoako herri horretan ez da positibo gehiagorik izan azken orduetan. Denera, 17 kasu baieztatu dituzte udalerrian.

Edonola ere, Osakidetzak probak egiten jarraitzen duela adierazi du udalak, eta ohartarazi du oraindik ezin dela «kontrolatutzat eman COVID-19aren agerraldia». Datozen egunetan edukiko dituzte azken orduetan eginiko proben emaitzak.

Beraz, udalak gogora ekarri du norberaren erantzukizuna: «Ezinbestekoa da norberak, zuhurtziaz, segurtasun neurriak bermatzen jarraitzea». Udalak adierazi du aste honetan erabakitako neurriei eutsiko diela, «egoera berriz egonkortuta dagoela ikusi arte».

Bergaran eginiko PCR azterketetan, 17 positibo atzeman zituzten ostiraletik igandera. Eusko Jaurlaritzak neurriak ezarri zizkien taberna eta jatetxeei: ezin da barran jan-edanik egin; edukieraren erdia bakarrik bete ahalko dute, eta ezin dute 23:30 baino beranduago itxi.

Udalak ere neurriak hartu ditu: kiroldegiko gimnasioa itxi du, eta ikastaroak bertan behera utzi. Igerilekuaren edukiera %40ra murriztu du.

Tolosan, antzeko mezua

Azken egunotako datuek tolosarrei «arnasa» eman badiete ere, Olatz Peon Ormazabal alkateak ohartarazi du «egoera oso aldakorra» dela eta «egunetik egunera kasu gehiago» agertzen direla. «Guztion esku dago aurrerapausoak ematea edo atzera egitea. Azken egunotako egoerak erakutsi digu ordu gutxiren bueltan erabat aldatu daitekeela egoera. Horregatik, tolosarrei elkartasunez eta erantzukidetasunez jokatzeko eskatzen diegu berriz ere; jende pilaketarik ez sortu eta zorrotz bete neurriak. Elkarlanean egin behar dugu lan, guztiok batera, bide berean, aurrera egiteko. Guztion ardura da».

#BabestuTolosa lelopeko kanpaina jarri du martxan Tolosako Udalak, «tolosarren artean kontzientziazioa sustatzea, guztiok, Tolosa babesteko dugun ardura eta elkarri lagundu eta zaindu beharra azpimarratzeko». Mezua 1.200 kartelen bidez zabaldu dute.

Uztailaren erdialdean detektatu zituzten izurriaren bigarren oldeko lehenengo kasuak Tolosan. Taberna batekin lotutako kutsatze kate batek piztu zuen alarma. Zerbitzari batek positibo eman zuen, eta, hilaren 13an egindako proben bidez, horrekin zerikusia zuten beste 28 kasu atzeman zituzten. Uztailaren 15ean hasi ziren PCR probak egiten Beotibar pilotalekuan. Uztailaren 18an, Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu zuen apaltzen ari zela agerraldia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.