ZALDIBARKO ZABORTEGIKO LUIZIA

Zaldibarko atxiloketetan ez diote ohiko prozedurari jarraitu

Ertzaintzaren arabera, epaitegiek eta fiskaltzak «baimena» eman zuten Verter Recylingen jabea eta kudeatzailea polizia etxera eramateko. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren esanetan, epaileak ez ditu inola ere agindu atxiloketak.

Zaldibarko zabortegia, luizia gertatu zenetik astebetera. ARITZ LOIOLA / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 22a
15:17
Entzun

Zaldibarko Verter Recycling 2002 SM zabortegiaren (Bizkaia) jabea, kudeatzailea eta azpiegituraren ingeniaria atxilotuta daude astearte goizaz geroztik, Ertzaintzaren Eibarko komisarian (Gipuzkoa). Jose Ignacio Barinaga Egia enpresaren sortzailea; Arrate Bilbao Barinaga kudeatzailea eta haren iloba; eta Juan Etxebarria zabortegiko ingeniaria dira atxilotutakoak. Halere, ez dago argi nork eman zuen haiek atxilotzeko agindua, eta horrek nahasmena eragin du.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzaren Polizia judizialak «aurrerapenen berri» eman zien auzian «eskumena» duten epaitegiei —kasua Durangoko bi epaitegitan dago zatituta— eta Fiskaltzari, eta «delituen ustezko egileak» atxilotzea proposatu zuen. Segurtasun Sailak, eguerdian helarazitako «azalpen» oharrean, nabarmendu du auzian eskumena duten epaitegiek eta Fiskaltzak «baimena» eman zutela hiru pertsona horiek atxilotzeko.

Baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ere «azalpen» ohar bat plazaratu du, «hainbat hedabidetan kaleratutako informazioen harira». Auzitegiaren arabera, Durangok Instrukzioko 1. salak «argitu» du «soil-soilik Polizia operazio batean» egin zirela atzoko atxiloketak, eta berak ez duela «atxilotze agindurik» eman. Sala hori ikertzen ari da langileen eta pertsonen kontrako deliturik ba ote den joan den otsailaren 6an zabortegian gertatutako luizia dela eta. Durangoko Instrukzioko 2. sala, berriz, aztertzen ari da ingurumenaren kontrako deliturik ba ote den. Auzitegiak zehaztu du Durangoko Instrukzioko 1. sala atxilotuen kargu egingo dela epailearen aurrera eramaten dituztenean. Segurtasun Sailaren hitzetan, atxilotuak epailearen esku geratuko dira, «beharrezko argibideak egin ondoren».

Ohar horretan, azpimarratu du «gaizki-ulertu bat» izan dela atxiloketen inguruan. BERRIA Segurtasun Sailarekin harremanetan jarri zen atzo, eta adierazi zion «epailearen aginduz» egin zirela atxiloketak. Ez zuen zehaztu, ordea, zein epailek aginduta.

Ezohiko prozedura

BERRIAk kontsultatutako iturri juridikoen arabera, irregularra da Ertzaintzak epailearen eskaririk gabe inor atxilotzea, hura baita atxiloketa bat agindu dezakeen bakarra sumario edo instrukzio bat abian denean. Ildo horretan, ez da nahikoa Poliziak epaileari atxiloketaren berri ematea eta hark oniritzia ematea; Poliziak proposatu dezake herritar bat atxilotzea, baina epaileak agindu behar du. Terrorismoaren aurkako legerian dago salbuespena; kasu horietan, Poliziak bere kabuz atzeman dezake norbait, eta 24 orduko epean jakinarazi behar dio epaileari. Soilik terrorismo delituak egozten diren kasuetan.

Atxiloketa epaileak agindu gabe egin izanak ondorioak izan ditzake, gainera: bertan behera uzten du prozedura penalaren oinarrizko printzipio bat, eta legez kanpokoa izan liteke. Halere, ez luke eraginik izango auziaren instrukzioan, atxiloaldiak irauten duen bitartean ez bada egiten akusatuak babesgabe utziko lituzkeen izapiderik. Horiek egingo balira eta akusatuak babesgabe uztea eragingo balu, atxiloketek eragina izango lukete prozedura judizialean.

Espetxeratzeari ere ez diote aparteko zentzurik ikusten BERRIAk kontsultatutako iturriek. Izan ere, espetxeratzea justifikatzeko arrazoiak izan ohi dira ihes egiteko edo frogak desagerrarazteko arriskua; auzia abiatu zenetik, ordea, bost hilabete igaro dira; epe horretan atxilotuek ez dute ihes egin, eta, nahi izan badute, nahikoa denbora izan dute frogak deuseztatzeko.

Verterrentzat, «legez kanpokoa»

Verterrek ohar bat plazaratu du auzitegiak adierazitakoa berretsiz. «Poliziaren erabakiz egin dira atxiloketak». Enpresaren arabera, ez dago atxiloketak agintzeko auto judizialik, eta Ertzaintzak berak baieztatu die hori haien abokatuei. «Erabakia ez du epaitegiak hartu».

Joan den otsailaren 6an luizi baten ondorioz amildutako zabortegia ustiatzen duen enpresarentzat, Ertzaintzaren jokabidea «legearen kontrakoa» da, eta, hortaz, «legez kanpokotzat» jo ditu atxiloketak. «Legea aintzat hartuta, ez dugu informaziorik zehazten duenik inongo zantzurik dagoela hori [atxiloketak] justifikatzeko».  Enpresak nabarmendu du, gainera, bost hilabete igaro direla ikerketa hasi zirenetik, eta bere jarrera «lankidetzakoa» izan dela dela «beti».

«Berri ona» Zaldibar Argiturentzat

Zaldibar Argituren ustez, atxiloketak «berri ona» dira, «berandu» eginak izanagatik. Herri plataformak ohar batean azpimarratu duenez, «urrats bat» egin da «erantzukizunak argitzeko bidean». Pentsatzen du, dena den, erantzukizun «pribatuak eta publikoak» daudela auzian. «Erantzukizun publiko-politikoei dagokienez, ez da ezer egin, eta, alde horretatik, urratsak egin behar dira higiene demokratikoagatik». Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren dimisioa eskatu izan du plataformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.