Europa ekialdea

Ukrainako Gobernuak eta matxinoek beste su-eten bat adostu dute

Datorren astelehenean sartuko da indarrean menia, Kievek jakinarazi duenez

Ukrainko armadaren kontrol gune bat, ekialdeko frontean. EFE
ander perez zala
2020ko uztailaren 23a
12:27
Entzun

Ukrainako Gobernuak eta Donbassko matxinoek beste su-eten bat adostu dute, Kievek ohar baten bidez jakinarazi duenez. Menia datorren astelehenean sartuko litzateke indarrean, eta hori mantentzeko asmoa dute gatazka konpontzeari buruzko akordio bat lortzen duten arte. Iraganeko saiakeren porrotek, ordea, zalantzak piztu dituzte azken erabaki horren inplementazioaren inguruan.

Talde matxinoen arabera, su-etenaz gain, droneak erabiltzeko eta «eremu urbanizatuetan» arma pisutsuak erabiltzeko debekua negoziatu dute, 450 kilometro luze den gerra frontean zibilak babestea helburu; Ukrainako Gobernuak ez du ezer adierazi erabaki horiei buruz.

Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundearen, Ukrainaren eta Errusiaren arteko bilera batean adostu dituzte neurriok, Parisen eta Berlinen «babesarekin». Kieven arabera, menia betetzea gatazkari buruzko akordio politiko bat lortzeko baldintzetako bat da.

Ez hori bakarrik: Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Volodimir Zelenski Ukrainakoa mahai beraren inguruan berriz elkartzeaz aritu dira azken urtean, eta su-etenerako akordioak bilkura horretarako oinarria ezarri du. Putin eta Zelenski prest agertu dira aurrez aurre negoziatzeko.

Ukrainako presidenteak herrialdearen ekialdeko gatazka amaitzeko promesa egin zuen kanpainan, eta hainbatetan ziurtatu du bere agintaldiko lehentasunetako bat dela; bada, helburu hori betetzeko neurriak hartzen ari da pixkanaka. Horren erakusle da iragan irailean gertaturikoa: Moskuk eta Kievek 35na preso askatu zituzten, eta bi aldeek aurrerapausotzat jo zuten erabakia.

Bi herrialde horien arteko harremanak 2014an gaiztotu ziren, Errusiak Krimeako penintsula anexionatu zuenean, eta jarraian Donbass eskualdean, Ukraina ekialdean, matxino errusiazaleen eta Ukrainako armadaren arteko gerra hasi zenean. Matxino horiek, hain justu, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak aldarrikatu zituzten, eta, harrezkeroztik, borrokan ari dira Kieven soldaduen aurka. Gatazka horretan 13.000 lagun inguru hil dituzte, Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.