Saskibaloia

ACBk ezetz esan dio Gipuzkoa Basket igotzeari

Hemezortzi taldetatik bakarrak bozkatu du GBC ligan egotearen alde. Asteartean bilera dute ACBko, Espainiako Federazioko, Kirol Kontseilu Nagusiko eta talde donostiarreko ordezkariek.

ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 23a
17:44
Entzun

Gipuzkoa Basketentzat ez da sekula erraza izan ACB ligara bueltatzeko bidea. Aurreko aldietan ere zailtasunak izan zituen, batez ere baldintza ekonomikoak betetzeko. Oraingo honetan ere bazekien bidea nekeza izango zela, batez ere aurrekoetan ez bezala ACBko klubek ez dutelako nahi datorren denboraldian ligan bi klub gehiago egotea eta hogei taldekoa izatea. Hala, batzarrean talde donostiarra onartzearen aurka bozkatu dute, nahiz eta baldintzak bete. Hemezortzi klubetatik hamazazpi agertu dira GBC onartzearen aurka, eta bakarra alde.Baina erabakia ez da behin betikoa. Duela egun batzuk, Gipuzkoa Basketek argi utzi zuen ez zuela amore emateko asmorik, eta bere eskubideak defendatuko dituela. Horretarako, babesa eskatuko du eskumena duten erakundeetan, eta beharrezkoa bada, gainera, ez du baztertzen auzitara jotzea.

Auzia maiatzaren 25ean hasi zen. Egun hartan, koronabirusaren pandemia zela eta, Espainiako Saskibaloi Federazioak erabaki zuen amaitutzat ematea Urrezko LEB liga, eta une horretan igoera postuetan zeuden bi taldeek izatea aukera ACBra igotzeko; betiere, horretarako baldintzak betez gero. GBCk berehala eskatu zion ACBri igotzeko bete beharreko baldintzen eta agirien berri emateko, baina ez zituen jaso ekainaren 13 arte, ia hiru aste beranduago arte. GBCk, hala ere, epe barruan aurkeztu zuen datorren sasoian ACBn jokatzeko eskaria, uztailaren 15ean.

GBCk argi du baldintza guztiak betetzen dituela. Duen beste heldulekua Espainiako Federazioak ACBrekin duen hitzarmena da. Horren arabera, Urrezko LEBetik bi igoera izango lirateke, klubek baldaintzak batez gero.

Asteartean izango du egoera aldatzeko lehen aukera. Izan ere, egun horretan bilera egingo dute ACBko, Espainiako Saskibaloi Federazioko, Kirol Kontseilu Nagusiko eta Gipuzkoa Basketeko ordezkariek Madrilen. Gipuzkoa Basketek Espainiako Federazioaren  babesa du. Jorge Garbajosa presidentea argi mintzatu zen: «Igoerak ez dira akordio kontu bat. Hitzarmen bat dago, eta bete egin behar da. Bakoitzak soilik bere interesei erreparatzen badie, arazo bat izango dugu».

Hogei taldeko liga bati ezezkoa esateko ACBren argudioa da egutegia oso betea dagoela jada, eta ekonomikoki ez dela bideragarria. Kluben artean, Baskoniako presidente Josean Kerejeta izan da jarrera hori sendoen eta argien defendatu dutenetako bat, eta ACBko presidente Antonio Martinek honela azaldu izan du beren jarrera. «Ez gaude itxita hitz egiteko. Baina gu hemezortziko liga baten aldekoak gara. Ligari sendotasuna eta sinesgarritasuna eman nahi diogu, eta hogeiko liga bat arazo handia litzateke». Akordiorik lortu ezean Kirol Kontseilu Nagusiak esku hartuko duela iragarri zuen Irene Lozako estatu idazkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.