Gipuzkoako metalgintza

Sindikatuek ohartarazi dute udazkenean negoziazioak zaildu daitezkeela

Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioek uda ostean jarraituko dute. Besteak beste, soldata igoerak zehazteko, lanaldiak murrizteko eta ABLEen erabilera mugatzeko eskatu dute sindikatuek.

Metalgintza sektoreko langile bat. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 24a
14:19
Entzun

Gipuzkoako metalgintzako sindikatuek Adegiri eskatu diote aurreko astean aurkeztutako lan hitzarmen proposamenaren alderdi batzuk zehazteko eta garatzeko, eta patronala prest agertu da datorren bileran hori egiteko. Irailaren 4an izango da hori. Ostiral honetan hirugarren bilera egin dute.

Komunikabideetara bidalitako ohar batean, ELAk Adegiri eskatu dio «prekaritaterik gabeko metal baterantz» urratsak egiteko. Eta deitoratu du hurrengo bilera irailaren 4ra arte atzeratu izana, «beste sindikatu batzuen arazoengatik».

UGTk, berriz, ohartarazi du udazkenera begirako aurreikuspen negatiboek negoziazioak zail ditzaketela, eta nabarmendu du arlo batzuetan aurrerapenik ez badago elkarrizketak «blokeatu» daitezkeela, eta sindikatuen eta patronalaren arteko harremanek amai dezaketela «dagoeneko ezaguna eta desiragarri ez den egoera batean». Patronalari eskatu dio «pentsamoldea aldatzeko» eta soldatak handitzearen eta lan baldintzak hobetzearen alde egiteko.

LABek salatu du Adegik ez du ezer berririk eraman bilerara eta negoziazioko edukiak «inposatu» nahi dituela. «Oso larria eta arduragabea iruditzen zaigu Adegik esatea zeri buruz hitz egin daitekeen eta zeri buruz ez». Jarreraz aldatzen ez badu akordioa «ezinezkoa» izango dela azpimarratu du.

Desadostasunak

Aurrekoan mahaigaineratutako eskaintzan, Adegi prest gertu zen soldatak %8,8 igotzeko hitzarmena indarrean dagoen urteetarako, 2012tik 2019ra arteko KPIaren igoera ezarriz. Baina ez zuen aipatu urte bakoitzean ehuneko zenbat gehituko liokeen horri. Sindikatuen uztez, ezinbestekoa da hori egitea, langileen erosteko ahalmena bermatzeko.

Adegiren eta sindikatuen arteko «sintoniarik eza» nabarmena da beste gai batzuetan ere; lanaldian, esaterako. Egungoa murrizteko eskatu dute sindikatuek, eta modu mailakatuan 35 ordukora jotzeko. Salatu dute, baina, «duela hamar urteko lanaldi berari» eutsi nahi diola patronalak. Egoera horren aurrean, gogorarazi dute «funtsezkoa» dela eskaera hori, enpresa barruko eta kanpoko bizitza bateragarria egiteko —zaintzakoak, besteak beste—, «herrialde aurreratuenetan» egiten duten bezala.

Horrekin batera, kritikatu dute langileen babes estalduraren arloan ere ez dela aurrerapenik egon. Gogorarazi dute sektoreko enpresa handi gehienetan osatzen dituztela aldi baterako ezintasunak, eta, beraz, ez badira hitzarmenean sartzen, «babesgabe eta desabantailan» utziko lituzketela enpresa txikietako langileak, «zeinak gehiengo zabala diren Gipuzkoan».

Kontratazioaren alorrean, sindikatuek eskatu dute enpresek zuzenean hartzea langileak eta ABLE aldi baterako lan enpresen erabilera mugatzea. Horrekin loturik, uste dute beharrezkoa dela enpresek konpromisoa hartzea egiturazko orduak aldi baterako eskulanarekin ordezkatu ez daitezen, eta kontratu horiek erregularizatzea galdegin dute.

Genero berdintasunarekin loturiko neurriak ere galdegin dituzte; besteak beste, berdintasun planak ugaritzeko, metalgintzaren sektorean emakumeek jasaten duten «diskriminazioa» ezabatze aldera.

Aurreneko bileretan bezala, sindikatu batzuek azpimarratu dute langile guztien subrogazio eskubidea bermatzea ezinbestekoa dela. Iaz Bizkaian adostutako metalaren hitzarmeneko harremanetan ere defendatu zuten hori; azkenean, adostu zuten hori hala izatea kontratu publikoetan eta mantentze lanetakoetarako bakarrik eta sei hilabeteko antzinatasuna duten beharginentzat —ELAk ez zuen ituna babestu—.

Ados dauden puntuak

Ez dirudi arazo handirik izango dutenik, bestalde, azken urteetan negoziatu eta hitzarmen batzuetan jasotako beste puntu batzuekin: adibidez, ultraaktibitate mugagabea onartzea. Horretarako prest dago Adegi. Horrek ekarriko luke adostutako lan hitzarmenak indarrean jarraitzea beste lan itun batek ordezkatu arte.p>

2012ko lan erreformak urtebetera mugatu zuen ultraaktibitatea, eta Espainiako Gobernuak egin asmo dituen aldaketen artean lehentasuna izango luke hori indargabetzeak. Hortaz, Madrilen erabakiari aurrea hartuko lioke Gipuzkoako metalak, azkenean puntu hori itunean sartuko balu.

Adegik mahai gainean jarritako beste proposamen bat ere aurrez adostutako beste akordio baten transposizioa izango litzateke. Patronalak eskaini du Gipuzkoako metalaren hitzarmenari lehentasuna ematea Espainiakoaren aldean. Hain justu, puntu hori sektore guztietako lan itunetan sartzea adostu zuten lau sindikatu nagusiek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalek —Confebasken sinadurarekin— lanbide arteko akordioa egin zutenean, 2017ko urtarrilean.

Horrekin batera, Adegik proposatu du klausula berri bat sartzea, hitzarmenean edozein aldaketa egiten bada alde guztiak ados jarrita egin dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.