Mugetako mugimenduak murrizteaz hitz egiten ari dira Frantzia, Espainia eta Katalunia

Frantziako lehen ministro Jean Castexek frantziarrei «biziki» gomendatu die Kataluniara ez joatea, hango osasun egoera hobetzen ez den bitartean.

Frantziako Lehen ministro Jean Castex, gaur, Parisko, Roissy-Charles-de-Gaulle aireportuan eginiko agerraldian. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 24a
17:11
Entzun

Katalunia bakarrik aipatu du Frantziako lehen ministro Jean Castexek, baina adierazi du Frantziako Atzerri ministroa Espainiako eta Kataluniako agintariekin hitz egiten ari dela, mugetako mugimenduak ahalik eta gehien murrizteko.

Adierazpenak egin ditu Castexek gaur, Parisko Roissy-Charles-de-Gaulle aireportuan. Osasun agintariak lagunduta aritu da lehen ministroa. Aireportuetako eta portuetako mugetako osasun kontrolen inguruan mintzatu da, eta COVID-19 gaitzaren izurriaren aurka hartu diren neurriak azaldu ditu.

Amaieran, Katalunia aipatu du Castexek, bere kabuz. Herrialdeko «osasun indikatzaile txarrak» nabarmendu ditu, eta mezu argia eman du: «Biziki gomendatzen diegu Frantziako herritarrei lurralde horretara ez joatea, egoera hobetzen ez den bitartean». Gaineratu duenez, Frantziako Gobernua —Atzerri Ministerioaren bitartez— hitz egiten ari da «Espainiako eta Kataluniako agintariekin, azken horiek ziurta dezaten Espainiatik Frantziarako mugimendua ahalik eta txikiena izatea».

Castexek ez du Euskal Herria aipatu.

Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga ixteak «kalteak» eragin dituela ondorioztatu berri du Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeak. Esan dutenez, mugaz gaindiko herritarren artean, %66,9ri «biziki edo asko» eragin die mugaren itxierak, eta %89,4k adierazi dute muga itxi zenean mugaz gaindiko jardueraren bat egiteari utzi behar izan ziotela. Baina muga ireki ostean «oro har» berriro ekingo diote jarduerari, euroeskualdearen arabera, eta horrek «mugaz gaindiko jardueren sektoreetako baikortasuna» erakusten du, betiere Castexek gaur Kataluniarako emaniko aholkuak eta iragarritako neurriak Euskal Herrian ezartzen ez badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.