Katalunia

Torrentek eta Maragallek nazioartean salatuko dute beren telefonoak zelatatu izana

Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Kataluniako parlamentariak NBE Nazio Batuen Erakundera, Europako Kontseilura eta Amnesty International elkartera joko dute.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, artxiboko irudi batean. ANDREU DALMAU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 27a
14:06
Entzun

Sakelako telefonoak zelatatu zizkietela salatu zuten Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Ernest Maragall ERCko parlamentariak joan den uztailaren 14an. Espainiako Estatuari leporatu zioten beren telefonoetan esku hartu izana, eta, egun batzuk geroago, kereila bat aurkeztu zuten CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako zuzendari ohiaren aurka. 

The Guardian eta El País egunkariek egindako ikerketa baten arabera, 2019ko apirilaren eta maiatzaren artean sakelakoa zelatatu zieten 1.400 lagun ingururi, Pegasus izeneko programa bat erabiliz. Tartean, Torrent eta Maragall. Ez ziren zerrendako politikari independentista katalan bakarrak. Ikerketaren esanetan, Anna Gabriel CUPeko parlamentari ohiaren eta Jordi Domingo Tarragonako Diputazioko (Herrialde Katalanak) langile eta ANCko eta PDeCATeko kidearen telefonoetan ere esku hartu zuten.

Pegasus programa Israelgo NSO teknologia konpainiak garatutako espioitza software bat da, eta gobernuek eta segurtasun indarrek eros dezakete soilik.

Auzia nazioartean salatzea erabaki dute Torrentek eta Maragallek, eta, gaur jakin denez, NBEri, Europako Kontseiluari eta Amnesty International elkarteari helarazi diete eskura duten informazioa. «Herritarren eta herritarren ordezkarien kontrako espioitza kasuak oinarrizko eskubideen kontrako eraso onartezina dira», adierazi dute. Ohartarazi dute estatuak behartuta daudela halako gertakarien aurka «beharrezkoak diren neurri guztiak» hartzera, «zigorgabe geldi ez daitezen».

Auziaren berri emateko, besteak beste Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisario Dunja Mijatovicekin jarri dira harremanetan. Torrentek nabarmendu du komisarioa ere zelatatzeen kaltetuetako bat izan daitekeela, harekin bildu baitzen Estrasburgon (Frantzia) 2019ko maiatzean, The Guardian-en eta El Pais-en ikerketaren arabera erasoa gertatu zen garaian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.