Malaysia

Hamabi urteko espetxe zigorra ezarri diote Najib Malaysiako lehen ministro ohiari, ustelkeriagatik

Funts publiko batetik zortzi milioi euro lapurtzea egotzi dio Malaysiako Auzitegi Gorenak Najib Razaki, 1MDB auziaren lehenengo epaiketan.

Najib Razak Malaysiako lehen ministro ohia, gaur, Malaysiako Auzitegi Gorenera iritsi den unean, Kuala Lumpurren. FAZRY ISMAIL, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 28a
10:35
Entzun

Ustelkeriarekin eta kapital zuritzearekin lotutako zazpi kargu leporatu dizkiote Malaysiako gobernuburu ohiari (2009-2018), eta funts publiko batetik 42 milioi ringgit —8,4 milioi euro— lapurtzeagatik errudun epaitu du herrialdeko Auzitegi Gorenak.  Hamabi urteko espetxe zigorra ezarri dio, eta 210 milioi riggiteko —42 milioi euroko— isuna ordaindu beharko du. Epaimahaiak azaldu duenez, defentsak ez du lortu Fiskaltzak aurkeztu duen akusazioari buruzko inolako zalantzarik eragitea. Horrez gain, baztertu egin du defentsaren argudio nagusia: ebatzi du lehen ministro ohiak bere aldeko transferentzien berri zuela. 

Lehen ministro ohiak ustelkeriarekin lotutako beste 35 karguri egin beharko die aurre auzi berarekin lotutako beste lau epaiketetan. Orotara, Najiben kideek 3.800 milioi euro bideratu zituzten agintari ohiaren kontu pertsonalera, akusazioaren arabera.

Gobernuburu ohiak errugabea dela ziurtatu du, eta helegitea aurkeztuko du. Adierazi du Jho Low enpresariak iruzur egin ziola. Najibek adierazi du bere kontura egindako transferentziak Saudi Arabiako Errege Etxearen ekarpenak zirela pentsatu zuela, hainbat gertakarik pentsarazi ziotelako Jhok loturak zituela herrialde horretako errege familiarekin. Justiziarengandik ihes egin du enpresariak.

Auzitegiak baztertu egin du Nijaben defentsa, epaiaren arabera, ez duelako halakorik frogatu nahiz eta horretarako modua  izan. Nabarmendu du Malaysiako gobernuburu ohiak ez ziola esker oneko eskutitz bat ere bidali Saudi Arabiako errege zen Abdula bin Abdelazizi —2015ean hil zen—.

The Wall Street Journal egunkariaren ikerketa batek abiatu zuen Najiben kontuen gaineko ikerketa. 2015ean argitaratu zuen 681 milioi dolar —580 milioi euro—transferitu zirela funts publiko batetik lehen ministroaren kontu batera. AEBetako Justizia Departamentuak urtebete geroago baieztatu zuen transferentzia hori, eta dirua 1MDB funtsetik irten zela zehaztu zuen. AEBen Estatu Departamentuak gaineratu zuen 4.500 milioi dolar —3.800 milioi euro— lapurtu zirela orotara funts horretatik.

Najiben gobernuak berak sortu zuen 1MDB funtsa 2009an, boterera heldu zen urtean. Diru poltsa horrek atzerriko inbertsioak erakarri eta Kuala Lumpurren finantza barruti bat eratu behar zituen. Aldiz, 8.440 milioi euroko zorra pilatu zuen. Malaysiak ez ezik, AEBek, Suitzak eta Singapurrek ere funts hori bidegabe erabili ote zuten ikertzen ari dira.

Gobernuan eragina

Auzia ezagutarazi zenean, Najiben dimisioa eskatu zuten askok, baina orduko lehen ministroak karguari eutsi zion. Sektore kritikoei eta hainbat hedabideri jazarri zitzaien. Presioa handituz joan zen, ordea, eta 2018ko hauteskundeetan porrot egin zuen. Najiben hurbilekoa izandako Mahathir Mohamadek irabazi zituen bozak. 

Mohamadek joan den martxoan utzi zuen kargua, eta haren lekua hartu zuen Mahathir Mohamad alderdikideak. PPBM Indigena Batuen Alderdi Malaysiarreko buru berriak gobernu koalizioa osatu zuen Najib buru izan zuen UNMO Malaysiar Batuen Elkarte Nazionala alderdiarekin. Najib jada ez da UNMOko presidentea, baina eragin handiko pertsona bat da alderdian, eta Auzitegi Gorenak hura erruduntzat jo izanak okertu egin dezake gobernu koalizioaren sinesgarritasuna herritarren begietara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.