Telekomunikazioak

Googlek New York eta Bilbo lotuko dituen itsas azpiko kable bat jarriko du

Konpainiak esan duenez, kableak gaurko loturak asko hobetuko ditu, teknologia aurreratuagoa duelako. AEBak, Ingalaterra eta Euskal Herria izango dira kablearen lehorreratze puntuak.

Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 28a
15:20
Entzun

«Gaur, nazioarteko Interneteko trafikoaren %98 itsas azpiko kableen bidez bideratzen da». Azpiegitura horien garrantzia horrela nabarmenduta iragarri du Google konpainiak Grace Hopper kablearen egitasmoa. 2022rako, AEBak, Ingalaterra eta Euskal Herria lotu nahi ditu kable horren bitartez.

Itsas azpiko hainbat kable ditu dagoeneko konpainiak, kontinenteak lotzeko. Gmail, Google Cloud eta enpresaren beste hainbat zerbitzuren ahalmena indartu nahi ditu enpresak horren bidez.

Grace Hopper kableak 16 zuntz pare edukiko ditu —32 zuntz, beraz—, eta horrek «hobekuntza esanguratsua» ekarriko ditu AEBen eta Europaren arteko komunikazioetan. Enpresaren arabera, sistema berri bat edukiko du kableak, munduan beste inon komunikazioaren etena gertatzen bada, informazioa berriz bideratzeko. Teknologia hori duen lehenengo kablea da, eta aurrerantzean hori erabiltzeko asmoa du beste kable egitasmotan.

Aurten sinatu dute kontratua kablea botako duen SubCom konpainiarekin.

Omenaldia Hopper aitzindariari

Grace Brewster Murray Hopper (1906–1992) informatikari aitzindariaren omenez jarri diote izena kableari. COBOL programazio hizkuntza garatzeko ezinbestekoak izan ziren aurrerakuntzak egin zituen emakumeak. «Poz handiz egingo diegu omenaldia haren berrikuntzei Atlantikoaz gaindiko komunikazioetan inbertituz zuntz optikoko kablerik ezin modernoago batekin», idatzi du konpainiak.

Grace Hopper programatzailea. Haren izena jarri diote kableari. BERRIA

Interneteko erraldoi askok aukeratu dute azken urteotan Sopela (Bizkaia), Europa eta Ameriketako Estatu Batuen arteko kableen lehorreratze puntu gisa. Microsoftek eta Facebookek Marea kablea bota zuten 2017. urtean Virginiatik (AEB) Sopelara. Hura ere kable «berritzailea» izango dela adierazi zuten: segundoko 160 terabit eraman ahalko zituelako bi kontinenteen artean, hau da, milaka milioi telefono elkarrizketa eta milioika bideo batera eramateko adina.

Konpainiek Euskal Herrira aukeratzen dute lehorreratzen puntu gisa, Portugalgo edo Galiziako kosta baino askoz babestuago dagoelako, eta olatuak ez direlako horren gogorrak.

Lan izugarria da itsas azpiko kableak jartzea. Horretarako propio diseinaturiko itsasontziak erabiltzen dituzte. Izan ere, kable metro bakoitzak hogei eta ehun kilo arteko pisua eduki dezake, eta ontziak kilometro batzuk eraman behar ditu saio bakoitzean.

Gaur, munduan, itsaspeko 280 bat kable daude. Behin jarrita, kableon bizi itxaropena 25 urte da. Kable bakoitza jartzeak ehunka milioi euro balio du. Marea-ren kasuan, 13.400 milioi euroko aurrekontua egin zuten. Googlek ez du adierazi zenbat kostako zaion Grace Hopper kablea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.